Gizartea -
Bilbo
Bart desagertu den urpekari bilbotar baten bila ari dira Islaresen
Astearte gauean ekin zioten bilaketari. Desagertutako gaztearekin batera beste pertsona bat zegoen, baina onik agertu da. Goizean abiatu dituzte berriro hura lurrez, itsasoz eta airez bilatzeko lanak.
agentziak | erredakzioa
Kantabriako larrialdi zerbitzuak bart Islaresen, Cotonera inguruan, desagertu den Bilboko 23 urteko urpekari baten bila ari dira lurrez, itsasoz eta airez.
Hala adierazi diote DYA Kantabriatik Europa Press albiste agentziari. Bilaketa atzo gauean hasi zuten. Desagertutako gaztea beste pertsona batekin zegoen, baina azken hori onik irten zen.
22:00ak aldera izan zuen Kantabriako Gobernuaren 112 Larrialdi Zerbitzuak desagerpenaren berri.
Zerbitzu horretatik zabaldutako ohar baten arabera, gaztea beste lagun batekin sartu zen uretara 19:30 inguruan, oxigenorik gabeko arrantza egitera. 22:00ak aldera, laguna itsasotik irten zen, baina ez desagertutakoa.
Abisua jaso ondoren, bilaketa antolatu zuten, eta buru-belarri aritu ziren 02:30 arte. Kantabriako Gobernuko eta Itsas Salbamenduko helikopteroak, Castro Urdialesko suhiltzaileen, DYAren eta Gurutze Gorriaren itsasontziak, Guardia Zibilaren eta Udaltzaingoaren agenteak, eta Babes Zibileko eta Larrialdietako teknikariak aritu dira zeregin horretan.
Gurutze Gorriko Laguntza Psikologikorako Taldeko kideak ere bertaratu ziren, senideak artatzera.
Gaurko lehen orduan ekin diote berriro hura bilatzeari; Kantabriako Gobernuaren helikoptero batek egingo du lehenengo bilaketa, eta Itsas Salbamendukoak txandakatu du gero. Kantabriako Gobernuak droneak ere erabili ditu ingurua arakatzeko.
Gainera, Castro Urdialesko suhiltzailek eta Gurutze Gorriak itsasontzi bana bideratu dute, urpekariekin; DYA beste bi itsasontzirekin laguntzen ari da, eta Babes Zibila, beste batekin. Guardia Zibilak eta Itsas Salbamenduak ere itsasontziak eta urpekariak bidali dituzte.
Lurrez, Guardia Zibila, Udaltzaingoa, Castro Urdialesko suhiltzaileak, Babes Zibila, DYA ari dira haren bila, eta baita Babes Zibileko eta Larrialdietako teknikariak ere.