Gizartea -
2014ko hauteskundeak
Azaroaren 30ean errepikatuko dituzte Ertzaintzako hauteskunde sindikalak
Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen 2014ko hauteskundeak, hautagaien izenak ez agertzeko segurtasun arrazoirik ez zegoela iritzita.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzako hauteskunde sindikalak azaroaren 30ean errepikatuko dituzte. Ostegun goiz honetan Ertzaintzako Negoziazio Mahaian egin du proposamen hori Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta sindikatu guztiek hauteskundeak errepikatzeko data onartu dute.
Auzitegi Gorenak atzera bota zuen ErNE sindikatuak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) 2016ko irailaren 6an emandako epaia berretsi zuen. Zehazki, 2014ko urriaren 30eko Ertzaintzako hauteskunde sindikalak bertan behera utzi zituen, CCOO sindikatuak inpugnatu ostean, boto-txarteletan ez baitziren hautagaien izenak agertzen.
Gauzak horrela, hauteskunde sindikalak irailaren azken astean deituko dituzte, eta azaroaren 30ean errepikatuko dira. Auzitegi Gorenak emandako epaiaren arabera, ezohiko hauteskundeak izango dira, eta, ondorioz, baliteke 2018an (bederatzi hilabete barru) ohiko hauteskundeak egin behar izatea.
Arrazoi horregatik, urte amaieran egingo diren hauteskundeetan ordezkari izateko ertzainak hurrengo lau urteetarako aukeratzea eskatu dute sindikatu guztiek (ErNE, Esan, ELA, SiPE eta CCOO). Eusko Jaurlaritza ados agertu da, eta hala izan dadin ebazpen bat landuko duela iragarri du.