Gizartea -
EAE-ko errepideak
Asteburuan trafiko-dentsitate handia izango dela ohartarazi du Jaurlaritzak
Asteburu honetan eta abuztuko lehenengoan espero dituzte nazioarteko bidaia gehien, eta horiei barne mugimenduak batu behar zaizkie, datorren astelehena jaieguna dela ahaztu gabe.
Agentziak | Erredakzioa
Asteburuan, trafiko-dentsitate handia espero du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak, eta, horren aurrean, "zuhurtzia eta arreta" areagotzea gomendatu du.
Trafiko Zuzendaritzak egindako kalkuluen arabera, asteburu honetan eta hurrengoan, abuztuko lehenean, metatuko da euskal errepideetan nazioarteko bidaietako trafiko gehien. Horri barne-mugimenduak gehitu behar zaizkio, astelehena, uztailak 31, jaieguna baita Gipuzkoan eta Bizkaian.
Ohar batean azaldu duenez, ekainaren 30ean udako operazio berezia hasi zenetik, auto-ilarak ez dira oso handiak izan, eta ezbeharren kopurua jaitsi egin da, iazko epe bereko datuekin alderatuta.
Uztailaren 28ra arte, 24 pertsona hil dira errepideetan izandako istripuetan: lau oinezko, 13 gidari eta zazpi bidaiari.
Hilabetea hasi zenetik, Ertzaintzak 499 istripu erregistratu ditu, baina ezbehar horietako bakar batek ere ez du zerikusirik izan ibilgailuen nazioarteko bidaiekin.
Sonia Diaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak "zuhurtzia, pazientzia eta arreta" eskatu die udako irteera zein itzulera operazioaren eragin handiena duten errepideetan zirkulatzen dutenei.
Aholkuak
Horrez gain, hainbat aholku eman ditu egun hauetarako, hala nola zirkulazio-intentsitate handieneko egunak eta orduak saihestea, ahal den heinean bederen.
Abiatu aurretik, errepideen egoerari buruzko informazioa eskatzea (011 telefonoan, Trafikoko webgunean edo sare sozialetan) eta ibilgailua egoera onean dagoela ziurtatzea ere aholkatu dute.
Gogorarazi dutenez, ibilgailua gidatu behar duenak ezin du ez alkoholik ez drogarik hartu.