Gizartea -

Garesko leherketan

Eztandak kalean utzi zituen sei familietako hiruri gaur emango diete ostatu

Igandean Garesen izandako leherketaren ondorioz etxetik atera behar izan zuten gainerako hiru familiak, berriz, datozen egunetan joango dira Garesko bizilagunek Udalaren esku utzitako etxeetara.

Leherketaren ondorioz honela gelditu zen eraikina. Argazkia: EFE
Leherketaren ondorioz honela gelditu zen eraikina. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nasuvinsa sozietate publikoak sei etxebizitza prestatu ditu asteburuan Garesen izandako leherketaren ondorioz beren etxeetatik atera behar izan zuten sei familiari ostatu emateko.

Sozietate publikoak azaldu duenez, kaltetutako sei familietako hiru gaur sartuko dira Garesko bizilagunek Udalaren esku utzitako etxeetara, eta gauza bera egingo dute gainerako hiru familiek, beste hiru etxebizitza egokitu bezain laster.

Garesko Udalak egindako elkartasun deialdiari erantzunez, herritarrek hamar etxebizitza utzi dituzte Nasuvinsa sozietate publikoaren esku, kaltetuei ostatu emateko. Behar zituztenak baino lau etxebizitza gehiago lortu dituzte, beraz.

Etxebizitza horiek Nasuvinsaren esku uzten dituztenek 4 euroko errenta jasoko dute metro koadroko, hilero. Errenta horien ordainketa bere kargu hartzeaz gain, Nasuvinsak ordainduko ditu etxebizitza horietan egin beharreko erreforma eta mantenu lanak, eta, behar izanez gero, altzariz ere hornituko ditu.

Eraikinaren egoerari dagokionez, Udaleko teknikariek baieztatu dute eraikinaren egitura ez dela kaltetu, eta familietako hiruk beren etxebizitzetara itzuli ahal izango dutela laster. Gainerako hiru etxebizitzetan inbertsio handiak egin beharko direla aurreikusi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea albisteak Albisteak