Gizartea -
Portugal
Bilbotik joandako 50 bidaiari, Madeiran harrapatuta
Ezin dute Loiuko aireportura itzuli artxipelagoa jotzen ari den haizetearen ondorioz. EGUNERATZEA: 'Botata' utzi dituztela salatu dute kaltedunek.
agentziak | erredakzioa
Bilbotik joandako 50 bidaiari baino gehiago Madeiran (Portugal) harrapatuta daude aurreko larunbatetik, Loiuko aireportura itzuli ezinda, artxipelagoa jotzen ari den haizete gogorraren ondorioz.
Bilbora itzultzeko hegaldia iragan larunbateko 18:10ean atera behar zen. Iberiak 54 bidaiariak hoteletan banatu zituen, baina bigarren gauaren ostean hoteletako arduradunek logelak utzi behar zituztela esan zieten, "bertan egoteko tokirik ez zegoelako", Vanesa Lorenzo kaltetuetako batek jakinarazi duenez.
Ordu batzuk geroago, Air Nostrumek, Iberiaren mendeko konpainiak, iragarri du hegaldi bereziak jarriko dituela denboralearen ondorioz izandako kaltetuen egoera konpontzeko. Hala, Bilboko aireportura joan nahi duten 54 lagunek bihar itzuli ahal izango dute bihar, Madrildik pasatu ostean.
Konpainiak jakinarazi duenez, Madeirako aireportuko baldintzak egokiak badira, Funchal eta Madril arteko sei hegaldi jarriko ditu asteartean, hiru norantza bakoitzean.
Ohiko bi hegaldiez gain (Madrildik 15:35ean eta Madeiratik 18:00etan aterako direnak), beste lau hegaldi jarriko dituzte haizetearen ondorioz etxera itzuli ezinda geratu direnak ekartzeko.
Hala, hegaldiak 10:10ean eta 16.15ean aterako dira Madrildik, eta 12:15ean eta 18:15ean Madeiratik.