Gizartea -
Gertakizuna
51 urteko bilbotar bat hil da Almerian, esnorkel egiten ari zela
Gizonezkoa uretatik erreskatatu dute, baina ondoren hil da. Baliteke bihotzekoak jota hil izana.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Berrogeita hamaika urteko bilbotar bat hil zen atzo Almerian (Andaluzia), Nijarren, esnorkel egiten ari zela.
Alexis Pineda Hondartza zinegotziak azaldu duenez, biktima itsasertzetik "200-300 metrora" zegoen, eta, bat-batean, besoak astintzen hasi zen, laguntza eske. Horregatik, zenbait herritar gerturatu ziren, ontzi batez, eta gizonezkoa jaso zuten, ia konorte barik zegoela. Lurrera bueltan, mediku bat eta sorosleak hura suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin haren bizia salbatzeko.
Gizonezkoa oporretan zegoen, beste pertsona batekin.
Pinedaren esanetan, itsasoa lasai zegoen une horretan. Horrenbestez, baliteke bihotzekoak jota hil izana.