Gizartea -

Bartzelona eta Cambrils

Poliziak bilatzen zituen lau susmagarrietako hiru Cambrilsen hil ziren

Younes Abouyaaqoub, 22 urteko Ripolleko bizilaguna, da ihesi jarraitzen duen bakarra.

Esquadra Mossoen agenteak bart, Cambrilsen. EFE
Esquadra Mossoen agenteak bart, Cambrilsen. EFE
Esquadra Mossoen agenteak bart, Cambrilsen. EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hau da dakiguna Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuen inguruan abiatutako ikerketari buruz. Bi erasoek lotura "zuzena" dute Alcanarren (Tarragona) asteazkenean izandako eztandarekin:

- Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruak TV3 katean eman duen elkarrizketa batean adierazi duenez, Poliziak "interesdun 12 pertsona" identifikatu ditu: lau atxilotuta daude, bost Cambrilsen hil zituen Poliziak eta beste hiru. Azken hiru horietako bi Alcanarren hil ahal izan ziren, baina oraindik ikertzen ari dira.

Traperok azpimarratu duenaren arabera, nahiz eta egiaztatu egin duten Moussa Oukabir Cambrilsen hil zela, ez dago "nahikoa elementurik" furgonetaren gidaria bera izan zela baieztatzeko."Aukera bat da, baina une honetan, duela lau ordu ez bezala, pisu gutxiago du", adierazi du.

Horrenbestez, Cambrilsen hildakoen artean El Houssaine Abouyaaqoub ere egongo litzateke. Itxura denez, Polizia oraindik bilatzen ari den Younes Abouyaaqouberen senidea litzateke. Bi horiekin batera Omar eta Mohamed Hychami anaiak ere Poliziak Cambrilsen hildakoen artean leudeke. Azkenik, Said Aallaa litzateke Cambrilsen eraitsitako azken terrorista.

- Espainiako agintariek Kataluniako atentatuekin zerikusia izango lukeen furgoneta baten datuak jakinarazi dizkio Frantziari, herrialde horretan sartu ote dela uste baitu. Hala eman du jakitera France Info irrati-etxeak. Furgoneta Renault Kangoo zuri bat da.

-Poliziak bilatzen ari den lau susmagarrietako baten (Sahid Allaa) etxebizitza miatu du Ripollen. Jakitera eman dutenez, herri horretan zortzi dira atzotik falta diren gazteak, tartean Polizia bilatzen ari diren laurak.

- Esquadra Mossoek "momentuz" uste dute Sant Just Desvern herriko polizia kontrolean hil zenak ez zuela Bartzelonan gertatutako atentatuarekin zerikusirik. Poliziak jakitera eman duenez, Vilafrancako (Bartzelona) 34 urteko bizilagun bat da.

- Ikertzaileek aztarna biologiko berriak aurkitu dituzte Alcanarreko etxebizitzan, eta ikertzen ari dira ea arrasto horiek bigarren gorpu bati ote dagozkion edota dagoeneko asteazkenean aurkitu zuten hilotzarenak diren. Etxebizitzan eztanda izan zen unean pertsona bat gehiago egon zitekeela bertan uste du Poliziak.

- Mossoek Tortosako (Tarragona) polizia-etxera eraman dute Alcanarreko etxebizitzako eztandan zaurituta egon ostean atxilotu zuten susmagarria, Bartzelonako atentatuarekin zerikusia duelakoan. Gizonezkoa Melillan jaiotako espainiar bat da, eta etxebizitza barruan zegoen hura lehertu zenean.

- Terrorismoaren aurkako iturriek eskuartean duten hipotesietako baten arabera, Bartzelona eta Cambrilseko sarraskia egin zuten terroristak zelula bateko kideak ziren, eta asmoa zuten atentatua bonba-furgonetak erabiliz gauzatzea; hala ere, Alcanar herrian izandako leherketak planak aldatzera behartu zituen  eta, azkenean, jendea harrapatzea erabaki zuten.

- Ramblako harrapaketaren egilea Mossoek Cambrilsen hil ote zuen ikertzen ari dira, Josep Lluis Trapero Mossoen buruak jakitera eman duenez. Furgonetaren gidaria oraindik ez dutela identifikatu gaineratu du.

- Segurtasun indarrak Moussa Oukabirren eta beste hiru lagunen bilera ari dira, atentatuekin zerikusia izan dezaketelakoan. Moussa Oukabirrek 17 urte ditu eta Driss Oukabir atxilotuetako lagunetako baten anaia da. Bi anaiak Gironako kontsulatuan erregistratuta zeuden eta nazionalitate bikoitza dute, espainiarra eta marokoarra.

- Poliziak aurkitu nahi dituen gainerako hiru pertsonak 18 eta 23 urte bitarteko hiru gizonezko dira, hirurak ere Ripollen helbideratuta. Honako hauek dira: Sadi Aallaa, Mohamed Hychami y Younes Abouyaaqoub.

SOSPECHOSOS BUSQUEDA 1 EFE

Polizia lau pertsona hauen bila ari da. Argazkia: EFE

Atentatua jazo eta berehala 'Kaiola operazioa' jarri zuten martxan Mossoek. Ramblako inguru guztia itxi zuten eta kontrol ugari ezarri zituzten, egilea harrapatzeko asmoz.

- Lau lagun atxilotu dituzte. Lehena Driss Oukabir izenekoa da, sortzez marokoarra baina Ripolleko bizilaguna (Girona). Bere nortasun agiriarekin alokatu zituzten terroristek ustez erabilitako bi furgonetak ?Ramblako erasoa egitekoa lehena, eta bigarrena Vicen (Bartzelona) topatutakoa; ez zegoen lehergailurik bertan?. Ostegun arratsaldean atxilotu zuten, modua eta lekua argi ez dagoen arren. Ripolleko alkatearen esanetan, nortasun agiria lapurtu ziotela salatzeko polizia etxera joan zenean hartu zuten atxilo. Dena dela, Josep Lluis Trapero Mossoen buruak gerora zehaztu zuenez, kalean atzeman zuen poliziak.

Bigarren atxilotua Melillan jaioa da, eta Alcanarren (Tarragona) atxilotu zuten, etxe batean gertatutako eztandaren ostean.

Hirugarren gizon bat atxilotu dute ostiral honetan Mossoek Ripollen (Girona), Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak iragarri duenez.

Laugarren gizona ere Ripollen atxilotu dute.

Mossoek hainbat miaketa egin dituzte "Kataluniako hainbat lekutan", Fornen hitzetan.

Lau pertsona hauetako batek ere ez zuen aurrekaririk terrorismoarekin lotutako delituengatik, Kataluniako Poliziaren arabera.

- Mossoen arabera, atzo Diagonal etorbidean poliziaren kontrol bati muzin egin eta mosso bat harrapatu zuen ibilgailuak eta haren jabeak ez dute atentatuekin zerikusirik. Gertaeraren ondoren, ibilgailuaren jabea autoaren barruan hilda aurkitu zuten labanaz.

Ikertzaileen arabera, ibilgailua bigarren pertsona batek gidatzen zuen eta ibilgailuaren jabea atzeko aldean zihoan. Polizia ikustean, kontrolari muzin egin zion eta mosso baten aurka egin zuten. Mossoak hanka hautsi zuen.

Ibilgailua gidatzen ari zen pertsonak ihes egitea lortu zuen.

- Leherketa Alcanarren (Tarragona). Atentatuen bezperan, asteazken gauean, eztanda izan zen herri honetako etxebizitza batean. Eraikina behera etorri zen. Bi lagun zeuden barruan: bata hil egin zen, eta bestea zauritu. Azken hau atxilotuta dago.

Hasiera batean, suhiltzaileek gas pilaketa bati egotzi zioten leherketa. Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen buruak gauean zehaztu zuenez, eztandak atentatuekin zerikusia du. Traperoren hitzetan, lotura "argia" dago, gainera. Antza, bi gizonak lehergailuak prestatzen ari ziren, eztanda gertatu zenean. Etxebizitzaren barruan 20 gas bonbona topatu zituzten.

- Mossoek bost terrorista hil dituzte bart Cambrilsen (Tarragona). Bostak auto batean zihoazen eta herri horretako itsas pasealekuan hainbat pertsona harrapatu zituzten. Ibilgailua iraulita geratu da, eta bertatik jaitsi direnean euren kontra egin dute poliziek. Tiroketa hasi da gero: lau terrorista hil eta bat larri zauritu dute (azkenean hil egin da).

Lehergaiez osatutako gerrikoak omen zituzten. Tiroketaren ondoren, kontrolatutako leherketak egin dituzte Mossoek. Cambrilseko atentatua Ramblakoarekin lotuta dagoela uste dute ikerlariek, baita Alcanarreko eztandarekin ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Bartzelona argazkiak Atentatuak albisteak Gizartea bideoak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa Albisteak