Gizartea -
Bartzelona eta Cambrils
Atentatuetako biktimen omenez meza handia egin da Familia Santuko Basilikan
Espainiako eta Kataluniako agintariak, erlijio desberdinetako ordezkariak, politikariak eta herritarrak izan dira Bartzelonan eta Cambrilsen izandako erasoen biktimen omenezko mezan.
Agentziak | Erredakzioa
Katalunian aste honetan bizi izandako minaren ondotik, "bereizkeri eta bazterkeri oro gainditu eta giza eskubideak errespetatzen dituen elkarbizitzaren alde" egitea eskatu du igande honetan Sebastian Taltavull Bartzelonako apezpiku laguntzaileak, Bartzelonan eta Cambrilsen joan den ostegunean izandako eraso terroristetan hildako biktimen omenez egindako meza handian.
Aurretik aipatutako mezu horrekin, 10:00ak aldera hasi da gaur egindako "Adiskidetasun eta Bakearen aldeko Meza". Zehazki, Jose Omella Bartzelonako kardinal artzapezpikuak zuzendu du Familia Santuko Basilikan egindako meza handia, Katalunian abuztuaren 17an izandako eraso terroristak utzitako biktimen omenez.
"Bakearen artisauak" izateko deia egin die Juan Jose Omella Bartzelonako kardinal artzapezpikuak herritarrei. Halaber, "maitasuna, errespetua eta senidetasuna" oinarri hartuta "batera" egoteko eskatu du. "Batasunak indartsuago egiten gaituen bitartean zatiketak suntsitu egiten gaitu", gaineratu du kardinal artzapezpikuak.
Era berean, Familia Santuko Basilikan Francisco aita santuak helarazitako mezu bat irakurri du, kaltetutako pertsona guztiei bere samina eta babesa agertzeko. Halaber, "halako pertsona errugabeen eta haurren kontra" eraso egitea "bekatu larritzat" jo du. Gainera, "harrizko bihotzak hartu eta bakez, errukiz eta anaitasunez betetako beste batez" ordezkatzeko eskatu dio Jainkoari.
Espainiako eta Kataluniako agintariak, erlijio desberdinetako ordezkariak, politikariak eta herritarrak izan dira Familia Santuko Basilikan egindako meza handi horretan. Etorkizunari esperantzarekin begiratu ahal izateko "batasuna" eskatu die Bartzelonako kardinalak.
Joan den ostegunean izandako erasoek utzitako biktimen omenez egindako meza handia. Argazkia: EFE
Besteak beste, ondorengo agintariak izan dira bertan: Espainiako erregeak, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidentea eta Ada Colau Bartzelonako alkatea.
Nazioarteko agintariak ere izan dira meza handi horretan, eta Espainiako errege Felipe VI.ak harrera egin die Portugalgo Lehen Ministro Antonio Costari eta Portugalgo presidente Marcelo Rebello de Sousari.
Halaber, Manuela Carmena Madrilgo alkatea, Oriol Junquera Kataluniako Gobernuko presidenteordea, Dolors Montserrat Osasun ministroa eta Carmi Mendoza Cambrilseko alkatea ere meza handian izan dira, beste agintari batzuen artean.
Joan den ostegunean, Bartzelonako Rambla pasealekuan zeuden ehunka pertsona aurretik eraman zituen furgoneta batek. Erasotzaileak 14 lagun hil eta ehunka zauritu zituen.
Ordu batzuk geroago, beste auto batek gauza bera egin zuen Cambrilsen: abiadura bizian bertan zeuden pertsonak harrapatu zituen. Eraso horretan pertsona bat hil eta beste lau zauritu ziren.
Joan den ostegunean izandako erasoek utzitako biktimen omenez egindako meza handia. Argazkia: EFE
Manifestazioa deitu dute larunbaterako
Kataluniako Generalitateak eta Bartzelonako Udalak elkarretaratzea deitu dute hurrengo larunbaterako, abuztuak 26, 18:00etan, bakearen alde eta aste honetan Kataluniako hiriburuan eta Cambrilsen (Tarragona) izandako eraso terroristen kontra.
'No tinc por' (Ez dut beldurrik) lelopean, manifestazioa Bartzelonako Catalunya plazan amaituko da. Ostiralean egindako minutu bateko isilunea txalo artean eta garrasi ozen horrekin amaitu zen. Ondorioz, aste honetan izandako erasoa salatzeko 'leloa' bihurtu da milaka herritarrek sare sozialetan egindako garrasi hori.
53 zaurituk ospitaleratuta jarraitzen dute
Guztira 53 lagunek ospitaleratuta jarraitzen dute Kataluniako hainbat erietxetan, eta horietatik 13 egoera kritikoan daude, ostegunean Bartzelonan eta Cambrilsen (Tarragona) izandako atentatuen ondorioz.