Gizartea -
Bilboko noranzkoan
Auto-ilara luzeak A-8an, lau autoren arteko istripu baten ostean
19:30ak aldera izan da istripua, Muskizeko Arenako zubiaren errepidean. Zauritutako bi pertsona Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman dituzte.
Eitb.eus
Igande arratsalde honetan A-8 autobidean, Bilboko noranzkoan, lau autoren artean izandako zirkulazio istripu batean bi pertsona zauritu dira, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez.
19:30ak aldera izan da istripua, 138. kilometroan, Muskizeko (Bizkaia) La Arenako zubiaren errepidean. Une horretan lau autok istripua izan dute, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu du nondik norakoak argitzeko.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, istripuan zauritutako bi pertsona Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo) eraman dituzte.
Zirkulazio istripuaren ostean auto-ilara luzeak sortu dira, eta Trafiko Zuzendaritzak baieztatu duenez Kantabriaraino iritsi dira. 21:50ak aldera amaitu dituzte ibilgailuak errepidetik ateratzeko lanak.