Gizartea -
36 gradu
Abisu horia astelehenean, barnealdean tenperatura altuak direla eta
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan muturreko tenperatura altuak izango dira, eta baliteke 36 gradu ere harrapatzea.
Agentziak | Erredakzioa
Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan abisu horia adierazi dute astelehenean, abuztuak 21, 36 gradura arteko tenperatura altuak espero baitituzte. Baionan, Donibane Garazin eta Maulen, 30 gradu inguruko tenperatura maximoa izango dute.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak zehaztu duenez, baliteke 13:00etatik 20:00etara, barnealdean, tenperaturak 35-36 gradura iristea, eta kostaldean 30 bat gradu izatea.
Goizeko lanbroa zabalduta, zeru garbiak izango dira. Haizeak motel joko du, hego-ekialdetik, baina ufada gogor zenbait joko ditu mendialdean, goizaldean eta, batez ere, iluntzetik aurrera.
Arratsaldeko lehen orduetan, Haizea ipar-ekialdera aldatuko da kostaldean.
Tenperatura minimoak pixka bat igoko dira, eta maximoek nabarmen egingo dute gora. Horrela, Gasteizen tenperatura maximoak 35 gradura ailegatuko dira, Bilbon termometroek 33 gradu ere neurtuko dituzte eta Donostian 31 gradu izango dira, atzo baino zazpi gehiago.