Gizartea -

‘Minbizia izateko arriskua’

Johnson & Johnson 417 milioi dolar ordaintzera zigortu dute

Epaimahaiaren iritziz, farmazia arloko erraldoiak ez zion jendeari ohartarazi lotura egon zitekeela bere talko hautsak erabiltzearen eta minbizia izateko arriskuaren artean.

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Los Angeleseko (AEB) epaimahai batek zigorra ezarri dio Johnson & Johnson farmazia eta higiene arloko enpresa erraldoiari, eta, ondorioz, 417 milioi dolar (353 milioi euro) ordaindu beharko ditu, talko hautsen produktuetako baten eta minbizia izateko arriskuaren arteko loturaren berri ez emategatik.

Los Angeles Times egunkariaren arabera, inoiz konpainiari jarri dioten zigor handiena da hau, talko produktuak erabiltzeak minbizia izateko arriskua zekarrela ez abisatzeagatik ikertzen ari diren kasu guztien artean.

Kazeta horrek dioenez, Kalifornian horrelako 300 salaketa daude oraindik ebazteko, eta 4.500 baino gehiago herrialde osoan.

Eva Echeverria salaketaren egileak bere deklarazioan azaldu zuenez, hainbat hamarkadatan zehar erabili zuen konpainiaren produktu bat, eta 2007an obuluetako minbizia aurkitu zioten.

Bi eguneko hausnarketaren ondoren epaimahaiko kideek jarritako zigorraren ondorioz, Johnson & Johnson etxeak Echeverriari 70 milioi dolarreko kalte ordaina eman beharko dio eta 347 milioiko zigorra ordaindu.

Konpainiak kasu honen ebazpenaren aurkako helegitea jarriko du, eta zientziak bere produktuak seguruak direla dioela baieztatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak bideoak Epaiketak albisteak Gizartea Albisteak Letraduen albisteak Industria farmazeutikoa