Gizartea -
Kamioientzako bidesaria
Asteburuan AT sistemadun bigarren arkua jarriko dute Etzegaraten
Larunbatetik igandera, ordubetez (goizeko 02:00etatik 03:00etara) itxita egongo da N-1a bi noranzkoetan.
Agentziak | Ereddakzioa
Bidegi foru agentziak asteburu honetan jarriko du AT sistemadun hiru portikoetako bigarrena N-1eko Etzegarateko portuan. Muntaketa dela eta, larunbatetik igandera bitarteko gauean, 02:00etatik 03:00etara, autobidea itxita egongo da ordubetez bi norabideetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean jakinarazi duenez.
Lanak larunbatean 21:00etan hasiko dira portikoa doan parean, 405,85 kilometro puntuan, eskuineko erreiak moztuaz bi noranzkoetan. Goizeko 02:00etan, aldiz, errepidea itxi egingo da eta kamioi batek arkua garraiatuko du Etzegarateko baskulatik zutoinak dauden puntura, 400 metrotara, hain zuzen. Jarraian, errepideko alde banatan egongo diren bi garabiek habeburua altxatuko dute zutoin gainetan ainguratzeko.
Aurreikuspenen arabera, goizeko 03:00etan errepidearen errei bana irekiko da noranzko bakoitzean, eta 09:00etan, muntaia egiteko erabili diren tresna eta bitartekoak (garabiak, ibilgailuak, argi dorreak, igotzeko saskiak…) jaso ondoren N-1a bere osotasunean zabalik geratuko da.
Aukera moduan, A-1eko Arabatik Frantziara noranzko trafikoak A-10 eta A-15 hartu beharko dute Altsasuko lotunean, 396,900 kilometro puntuan. Gipuzkoatik Arabara doazenak A-15 hartu dezakete Andoainen. Halaber AP-8/AP-1 autobidea eta Segura-Altsasua arteko GI-2637/NA-1000 errepidea erabil daitezke.
Ia 30 metro inguruko plataformak
AT sistema osatuko duten Irun, Etzegarate eta Andoaingo hiru portikoek ezaugarri berdinak dituzte: plataformek 30 metro inguru neurtzen dute, 16 tona baina gehiagoko pisuarekin. Portiko bakoitzak matrikulak irakurtzeko eta argi infragorriz ibilgailuaren jarraipena egiteko 12 kamera izango dituzte, 6 alde bakoitzean, eta TAGak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko 12 antena, 6 alde bakoitzean.
Era berean, 6 detektagailu edukiko dituzte, ibilgailuak sailkatzeko detekzio bolumetrikoa egingo dutenak, 3 alde bakoitzean. Ibilgailuak identifikatzeko kamerek, antenek eta detektagailuek jasotako datu guztiak Bidegiko egoitza nagusira bidaliko dira, eta bertan jarraipena egingo da.
Bigarren portiko honen ondoren irailaren azken astean hirugarrena instalatuko da Andoainen. Behin portiko guztiak jarri ondoren, martxa zuria edo ordainketa gabeko proba aldia hasiko da. Aldi horrek AT sistema abian jarri arte iraungo du, 2018ko urtarrilera arte, hain zuzen ere.