Gizartea -
Polemika
Gasteizko gotzaingoak katekista homosexual bat kargutik kendu du
Alfonso Ruiz de Arkautek apaiz izan nahi du, baina ez diote utzi. Bere esanetan, homosexuala delako jarri diote betoa. Gotzaingoak halakorik ukatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko gotzaingoak katekista homosexual bat kargutik kendu du eta apaiz ordenatzeko aukera ukatu dio.
Alfonso Ruiz de Arkaute eliztarraren arabera, homosexuala delako jarri dio betoa gotzaingoak.
Alabaina, Gasteizko apezpikutzak zehaztu du Ruiz de Arkautek sare sozialetan gotzaingoaren aurka argitaratu zuen "mezu iraingarri" baten ondotik hartu zutela aipatu erabakia.
Ruiz de Arkautek sare sozialen bidez salatu zuen Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak homosexuala delako ukatu ziola apaiz ordenatzeko formazioa hartzeko aukera.
Apezpikutzak ohar baten bidez azaldu duenez, "gotzainaren eta komunitate eliztar horretako beste kide batzuen aurkako mezu iraingarria" abuztuaren 13an zabaldu zuen.
"Egia ez diren argumentuak eta irainak erabiltzen ditu, gotzainak kurtso berrirako egin dituen izendapenak kritikatzeko. Idatzi hori berehala zabaldu zen sare sozialetan, elizbarrutiko komunitateari kalte handia eraginez. Horixe da Alfonso parrokian zituen arduretatik kentzeko arrazoi bakarra, ez dago besterik", dio gotzaingoak.
"Adierazpen askatasuna eskubide ukaezina da, baina iraintzea ez da eskubidea", erantsi du oharrean.