Gizartea -

Ikerketa

Gizon bat atxilotu dute, Irunen beste gizon bat bahitzea leporatuta

Gainera, beste bi pertsona ikertzen ari dira abuztuan gertatutakoarekin lotura dutelakoan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

38 urteko gizon bat atxilotu dute, Irunen abuztuan beste gizon bat bahitu izana leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gainera, beste bi pertsona ikerketapean daude —"inputatu" deitzen zitzaion lehen— abuztuan gertatutako bahiketa batekin lotura dutelakoan. Antza denez, droga kontuekin lotutako zor bat ordaintzea eskatzeko bahitu zuten.

Biktimaren gertuko batek eman zion abisua Ertzaintzari. Haren testigantzaren arabera, bi gizonek etxebizitzaren atarian itxaron zioten biktimari abuztuaren 23an, eta, "indarkeria baliatuta eta labana batekin mehatxu eginda", auto batean sartu zuten. Autoaren barruan, beste pertsona bat zuten zain.

Ondoren, landa-eremu batera eraman zuten, eta 3.000 euroko zorra ordaintzeko eskatu zioten aste uztearen truke. Segurtasun Sailak azaldu duenez, droga kontuekin nolabaiteko lotura omen du zor horrek.

Hainbat orduz atxikita egon ostean, biktimak aske uzteko eskatu zien bahitzaileei, dirua bildu ahal izateko. Ertzaintzak segurtasun operazio bat abiatu zuen ordainketaren bila bertaratzen zirenean ustezko bahitzaileak identifikatzeko, baina azkenean ez zen horrelakorik gertatu.

Ikerketak bere bidetik jarraitu zuen, eta, Ertzaintzak ustezko bahitzaileen inguruan zuen informazioa baliatuta, Irungo agenteek San Migel auzoan zebilen ibilgailu bat geldiarazi zuten barruan zihoazen bidaiariak ustezko bahitzaileak izan zitezkeelakoan.

Horrenbestez, Ertzaintzak ustezko bahitzaileetako bat —38 urteko gizon bat— atxilotu zuen irailaren 6an Irunen, eta 24 eta 25 urteko beste bi gizon ikerketapean ditu. Halaber, atxilotuaren etxebizitza miatu zuen, eta gertakariekin lotutako frogak aurkitu zituen. Ertzaintzak epailearen esku utzi ditu jada ikerketaren izapideak, ustezko egileak eta erabilitako ibilgailua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gizartea Irun albisteak gaur Eguneko albisteak