Gizartea -
Bilboko portua
Polizoien 'arazo larria konpontzea' espero du Britanny Ferriesek
Manuel Pascual Britanny Ferriesen Espainiako arduradunak adierazi duenez, konpainiak Bilboko Portuan lanean “jarraitu nahi du kosta ahala kosta”.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Portutik Erresuma Batura heldu nahi duten polizoien arazo “larria edonola konpontzea” espero du Manuel Pascual Britanny Ferriesen Espainiako arduradunak. Pascualen hitzetan, egoera “apur bat lasaitu da”, uda hasierako une “larrienetik”. Arduradunak erantsi duenez, konpainiak Bilboko Portuan lanean “jarraitu nahi du kosta ahala kosta”.
Ferryetan, Zierbenatik Erresuma Batura heldu nahi diren gazteak sortzen ari diren “arazo larriak” kezkatzen dituela azaldu du Pascualek Radio Euskadi irratian. “Une larriena” uda hasieran gertatu zela gogorarazi du.
Azpimarratu duenez, uztailean “une kezkagarria” bizi izan zen, bezeroek “karga Bilbotik ez ekartzea eskatu ziguten”, kargan edo atoietan egindako kalteengatik.
Hala ere, udan zehar Bilboko Portuak eta Poliziak segurtasun neurriak areagotu dituztela onartu du Pascualek. Britanny Ferrieseko ordezkariaren hitzetan, egoera “pixka bat lasaitu da” eta ez dago “kexarik”.
Pascualek zehaztu duenez, Zierbenako kanpamentuan zain dauden gazteen artean “gerratik edo gatazka zonetatik ihesi etortzen den jendearen drama humanitariorik” ez dago, Albaniatik datozen eta “mafiek zuzendutako” pertsonak baizik.