Gizartea -
LGTBIfobia
HazteOirren autobus transfoboa Bilbon izan da, protesta artean
Ehunka pertsonak elkarte transfoboaren aurka eta askatasunaren alde egin dute Bizkaiko hiriburuan, taldeko arduradunek Estatu mailan LGTBI lege bat sortzearen kontra hitz egin duten bitartean.
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka herritarrek kontzentrazioa egin dute gaur, irailak 21, eguerdian, HazteOir elkartearen autobusa Bilbora iritsi izana arbuiatzeko; izan ere, Estatuko hainbat hiritara bertaratu da ibilgailua egunotan, Podemos alderdiak bultzatuta Kongresuan kolekitbo honen bazterketaren kontrako legea egiteko asmoaren aurka egiteko.
Berrehun bat pertsona zituen zain hasiera batean Moyua plazara iristekoa zen autobusak, tartean ELA, LAB eta Steilas sindikatuetako eta EH Bilduko kideak zirela.
Aitzitik, autobusaren ibilbidea aldatu dute ezutean, Euskadi plazara iritsi da, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren hainbat agentek ingurua itxi dute, autobus barruan zeudenak jaitsi zitezen.
Protestariak bertara joan dira, eta, poliziek ezarritako hesiaren bestaldetik, oihuak, txistuak eta nork bere gorputzaren eta nortasunaren gaineko erabakiak hartzearen aldeko aldarrikapenak luzatu dizkiete elkarte transfoboko kideei.
"Horrelako jarrerak ezin dira onartu"
Miguel Vidal HazteOirreko bozeramaileak kazetariei esan dienez, Madrilen, Diputatuen Kongresuan, bidea hasi duen LGTBI legearen helburua da “hezkuntza sisteman, gurasoen irismen ahalmenetik kanpo, elementu berriak sartu, eta umeak doktrinatzea”.
Gainera, haren ustez, “guraso agintea kendu nahi die aita-amei, 16 urtetik gorakoei baimena ematen baitie gurasoen baimenik gabe sexua aldatzeko ebakuntza bat egiteko”.
Bestalde, Izaro Antxia Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Elkarteko kideak adierazi duenez, “gaur, gutxienez, nolakoak izan behar dugun esaten diguten pertsonek kontra gauzkatela ikusi dute, gizarte demokratiko batek ezin baititu onartu horrelako jarrerak”.