Gizartea -
Zirkulazioa
AP-68an, Nafarroan, 215 eta 221 km/h-ra joatea egotzi diete bi gidariri
Gidarietako bat Mendaroko (Gipuzkoa) bizilaguna da, 50 urte ditu, eta orduko 101 kilometroan gainditu du gehienez ere onartutako abiadura, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Foruzaingoak delitua egotzi diete bi gidariri, Ablitasen (Nafarroa) motor bat orduko 215 kilometroko abiaduran eta auto bat orduko 221 kilometroko abiaduran harrapatu ondoren.
Motorraren gidaria (41 urte ditu) Iruñekoa da, eta orduko 95 kilometroan gainditu du gehienez ere onartutako abiadura, eta autoaren gidaria (50 urtekoa) Mendarokoa da, eta orduko 101 kilometroan gainditu du muga, Foruzaingoak jakitera eman duenez.
Biak Ribaforadan gelditu zituzten, igande arratsaldean, eta Foruzaingoaren atestatuen taldeak epaiketa azkar baterako deitu zituen, bide-segurtasunaren aurkako delitua egotzita, Tuterako instrukzio-epaitegi batean.
Foruzaingoaren Tuterako polizia-etxeko Trafikoko agenteek abiadura kontrolatzeko kanpaina egin dute aste osoan zehar AP-68an, radarrak erabiliz, Motozikleten Aragoiko Sari Nagusira joateko erabili ohi diren bideetan.
Motorrak gero eta gehiago dira inguru horretan, Foruzaingoak berak jakinarazi duenez, eta batez ere Alcañizerako bidean dauden errepideetan atzeman dute motorren joan-etorri ugariagoa.
Guztira 5.186 ibilgailuaren abiadura kontrolatu dute, eta horietako 1.335ek (guztien % 25) bide horretan jarritako abiadura muga gainditu zuten. 448 gidariri 1.068 puntu kendu dizkiete, eta batez beste orduko 130 kilometroko abiaduran zihoazela harrapatu dituzte, gehienezko abiadura nabarmen gaindituta.