Gizartea -
Iruñea
Gizon bat atxilotu dute, Dark Neteko arma-trafikatzailea izatea egotzita
Guardia Zibilak Internet Iluneko arma-trafikatzaile nagusietako bat izatea leporatu dio 24 urteko gazteari. Ezdeus bihurtutako armak erosi eta konpontzen omen zituen, gero haiekin trafikatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak ostegun honetan jakitera eman duenez, 24 urteko gizon bat atxilotu du Iruñean, Dark Neteko (Internet Iluna) arma-trafikatzaile nagusietako bat izatea leporatuta. Operazio honetan bost atxiloketa egin dituzte hainbat herrialdetan.
Atxilotuak ezdeus bihurtutako armak erosi eta konpontzen omen zituen, geroago haiekin trafikatzeko, Guardia Zibilaren arabera. Horretarako, Eslovakiako saltoki bat erabili zuen; 2015eko urtarrilean Parisko atentatu terroristetan eta urte bereko abuztuan Thalysko trenean erabilitako armak bertatik irten ziren.
Dirudienez, gazteak Alphabay Market webgunearen bitartez saltzen zituen armak eta munizioak. Duela gutxi itxi dute Ameriketako Estatu Batuetako agintariek; arma-saltzaile nagusi eta ospetsuenetako bat zen han.
Haren bizitza errealean bezala, Interneten ere segurtasun-neurri zorrotzak hartzen zituen harrapa ez zezaten: TOR sarea erabiltzen zuen, nabigazioa anonimoa egiteko eta kokapena ezkutatzeko; software berezi bat erabiltzen zuen erosle-saltzaileekin mezuak ezkutatzeko; bitcoinak, ordainketak jasotzeko; zerbitzu birtualak, trazabilitatea galarazteko; eta bankuko txartel birtual irekiak, paradisu fiskaleko erakundeetan.
Gizonezkoa atxilotu ostean, zazpi erregistro egin dituzte Nafarroan, Bartzelonan, Pontevedran eta Coruñan, azken bi horiek Espainian bizi diren azken saltzailearekin zerikusia dutelakoan. Hori ere atxilotu dute.