Gizartea -
Iragarpena
Giro eguzkitsua eta 30 graduko maximoak, zubiko asteburuaz gozatzeko
Hego-haizearen eraginez, tenperaturak gora egingo du ostiraletik igandera arte, alegia, urriaren 13tik 15era; barnealdean, aldiz, hodeitsuago eta freskoago egongo da.
Erredakzioa
Giro eguzkitsua, batez ere Euskal Herriko iparraldean, eta 30 gradurainoko maximoak, bereziki igandean (aukera handiagoa dago tenperatura hori kostaldetik gertu izateko, barnealdean baino); urriko zubian (EAEko eta Nafarroako milaka lagun ari dira horretaz gozatzen, igandera arte), meteorologiari dagokionez, albiste oso onekin jarraitzen dugu; izan ere, eguraldi-iragarpenaren arabera, hego-haizea izango dugu hizpide ondorengo egunotan. Hori bai, ostiral arratsaldean ipar-haizea sartuko dela iragarri dute, eta, ondorioz, estaliago egongo da, itsasaldean ere.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren webgunean irakurri ahal dugunez, ostiralean eguzki giroak jarraipena izango du eta uda itxurako giroarekin igaroko dugu eguna. Haizeak hego ukitua hartuko duenez, tenperaturak gora egingo du ipar partean, eta beroenak 27-28 ºC-koak izango dira. Arratsaldean, haizeak iparraldera egingo du Kantaurialdean, eta baliteke itsasotik behe-hodeiak sartzea, bereziki kostaldera.
Larunbaterako, ez dugu aldaketa handirik espero behar. Hego ukituko haizearekin, tenperaturak gora egingo du ipar isurialdean, eta beroa nabarituko dugu: maximoak, hain zuzen, 30 ºC ingurukoak izango dira. Hegoaldean, berriz, tenperaturak berdin jarraituko du edo apur bat jaitsiko da, bereziki Ebro ibarretik gertu. Zeruak oskarbiari eutsiko dio, eta eguzkiaz gozatzeko beste egun aproposa izango da.
Igandean, hego-haizea zakartu egingo da. Zerua garbi egongo da, eta eguzkiak eta hego haizeak tenperatura uda sasoiko balioetan utziko dute; herri askotan, beroenak 30 ºC ingurukoak izango dira. Hegoaldean, apur bat freskatuko du eta zenbait bailaretan behe-lainoak luze iraun lezake.
Astelehenean, iragarpenaren arabera, giro epelari eutsiko diogu; asteartetik aurrera, apur bada ere, tenperaturak behera egin lezake, eta giro hodeitsuagoa izango dugu.