Gizartea -
Osakidetza
Gripearen aurkako txertaketa kanpaina, abian
Aurtengo kanpaina adinekoei zuzenduko zaie bereziki, iaz 10etik lauk ez baitzuten txertorik hartu.
Agentziak | Erredakzioa
Gaur, urriaren 23an, hasiko da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gripearen aurkako txertaketa kanpaina. 1.200.000 euroko inbertsioarekin, 400.000 txerto emango ditu Osakidetzak abenduaren 23ra bitarte.
Txertoa osasun zentro guztietan egongo da eskuragarri, 65 urtetik gorakoentzat, gaixotasun kronikoak dituztenentzat (diabetesa, biriketako gaixotasun butxatzaile kronikoak, kardiopatiak, giltzurruneko gaitzak eta abar) eta haurdun dauden emakumeentzat, hala nahi badute.
Txertoa hartzea pertsonen, erakundeen eta osasun langileen erantzukizuna dela gogorarazi zuen Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak kanpaina aurkezteko ekitaldian, eta iaz 65 urte gorako pertsonen 10etik lauk txertorik ez zutela hartu kontuan izanda, aurtengo kanpaina eta mezua adinekoei zuzentzen zaiela jakinarazi du: "Gripearen aurrean, ez indartsu plantarik egin. Hartu txertoa".
Arriskutsua aurretik arazoak dituztenentzat
Osasun sailburuak nabarmendu zuenez, txertoak arazoak eta konplikazioak saihesten ditu, eta jakinarazi zuen aurreko denboraldian ospitaleratu behar izan zituzten 229 gripe kasu larri erregistratu zirela. Horrela, 31 pertsona hil ziren, eta hildakoen % 47k ez zuten txertoa jarrita, gripearen aurkako txertaketa kanpainan jaso diren arrisku taldeetan egon arren.
Gripearen txertoa "segurua eta eraginkorra" dela adierazi zuen sailburuak, eta ia ez dagoela kontrako eraginik. Halaber, Darponek esan zuen txertoaren konposizioa urtero Munduko Osasun Erakundeak ipar hemisferiorako aurreikusitako anduietara egokitzen dela.
Horrela, txertoa hartzeko, 65 urteko edo 65 urtetik gorakoek, gaixotasun kronikoren bat dutenek eta haurdun dauden emakumeek osasun zentrora osasun txartelarekin joan besterik ez dute egin behar. Hala ere, komeni da aurretik telefonoz deitzea, txertaketa ordutegien berri izateko, eta malguak eta kanpainara egokituak izango diren jakiteko.
Osakidetzak kontingentzia plana abiatu du jada, eta, horren bidez, behar diren baliabideekin eta antolaketarekin aurre egin ahalko die gripearen epidemiari, batetik, eta neguan zentroetan izaten den maiztasunari, bestetik. Helburua paziente guztiak ahalik eta normaltasun handienarekin hartzea da. Aurreko urteetan bezala, gripearen eta eskuragarri dauden laguntza-baliabideen zaintza epidemiologiko zorrotza egingo da.
Segurtasun juridikoa erizain zein medikuentzat
Jon Darpon sailburuak lasaitasun mezua eman zien euskal gizarte osoari eta mediku eta erizainei, aurtengo txertaketa-kanpainaren inguruan. "Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina beste urteetan egin den moduan egitea da gure asmoa. Pazienteak osasun-zentrora joango dira txertoa jartzera. Jaurlaritzak segurtasun juridikoa bermatuko die erizain zein medikuei, beren eginkizun eta betebeharrak egin bitartean, eta lege-esparrua errespetatuko du".
Ildo horretatik, Osasun sailburuak agindu bat onartu zuen, Osakidetzako langileei beren lanarekin jarraitzeko aukera emateko. Hala, Darponek adierazi zuenez, "osasun-agintaritzaren erabaki horrek bermea eta estaldura juridiko eta sanitarioa emango die erizainei, horien ardura baita txertoen dosiak jartzea".
Agindu horren bitartez, osasun publikoaren alorrean osasun-agintaritzak hartutako erabaki baten arabera egingo da txertaketa, gripearen birusaren ondoriozko infekzioak direla-eta pertsonek konplikazio larriak garatu edo hiltzeko arrisku epidemiologikoaren aurrean.
Kanpainaren irudia eta estrategia
Gainera, aurten, lehenengoz, euskal gizarte osora heltzen saiatuko da, eta ez bakarrik arrisku taldeetara. Horrela, kalean milaka liburuxka banatuko dira, gripearen aurrean babesteko eta pertsona ororentzat (arrisku talde batekoak izan zein izan ez) interesekoak diren neurri higienikoei buruzko informazio erraza eta oinarrizkoa emateko. Mezu horiek irrati, egunkari, osasun zentro eta anbulatorioetan, Osakidetzaren eta Osasun Sailaren web orrialdeetan eta beste hainbat tokitan ere emango dira.
Halaber, eta prebentzio neurri gisa, betiko aholkuak gogoratuko dizkiete herritarrei: erabili eta botatzeko paperezko zapiak erabili; eztul edo doministiku eginez gero, ahoa eta sudurra estali; eta eskuak sarri garbitu, urarekin eta xaboiarekin.