Gizartea -
Valentzia
Gizon bat atxilotu dute Sagunton, jihadistak errekrutatzea egotzita
Atxilotua 47 urteko gizon bat da, eta 2014ko azaroan 26 urteko gizon bat errekrutatu eta Irakera bidali izana leporatu diote.
Agentziak | Erredakzioa
Polizia Nazionalak Estatu Islamikoaren kaptazio aparatuan lanean ari zen gizon bat atxilotu du Sagunton, Valentzian, gizon bat errekrutatu eta Irakera bidaltzea egotzita.
47 urteko gizon bat da atxilo hartutakoa, eta, Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 26 urteko gizon bat erakarri eta Irakera bidali zuen, 2014ko azaroan.
Gazte horrek atentatu suizida egin zuen hilabete geroago (2014ko abenduan) lehergaiz betetako kamioi batekin. Erasoan 33 soldadu hil eta dozenaka pertsona zauritu ziren.
Bi gizonek Sagunton elkarrekin eman zuten denboran, ustezko ekintzaileak orain atxilotu duten gizonaren etxean egin zuen lo maiz, eta bertan propaganda jihadista ikusten omen zuten.
Gazte horrez gain, beste batzuk ere hartu zituen etxean gaur atxilotu duten horrek, eta ISISen eduki erradikalenak ikusarazi eta arrasto digitalik ez uzteko teknikak erakusten zizkien, betiere Ministerioaren arabera.