Gizartea -
EGIA-OSTEARI BURUZKO MINTEGIA
'Kazetaritzaren arazoak kazetaritza gehiago eta hobearekin konpontzen dira'
Politika eta komunikazio alorreko adituek egiaren ostea fenomenoa aztertu dute Bilbon.
EITB.EUS
Kazetaritzaren arazo guztiak kazetaritza gehiago eta hobearen bidez konpontzen dira, Juan Antonio Giner kazetari ezagunaren esanetan. Ginerrek eta politika eta komunikazio arloetako beste hainbat adituk parte hartu dute Sabino Arana Fundazioak eta Europako Demokraten Institutuak (IED) Bilbon antolatutako mintegi batean, egiaren ostea aztertzea helburu.
Zuzenbidean doktore eta Innovation International Media Consulting Group —munduko kazetaritza-aholkularitzako enpresa ospetsuenetako bat— taldeko sortzaileetako bat eta presidente ere badenak, adierazi duenez, kazetaritzaren krisia "ez da negozio-ereduaren krisi soila, ezpada, informazio-paradigmaren krisia".
Innovationeko presidenteak 30 urtetik gorako eskarmentu metatua du mundu osoko kazetaritza-enpresei aholkularitza ematen. Innovations in news media direlakoen WAN-IFRAren urteko txostenen argitaratzailearen iritziz, tradiziozko hedabideak (prentsa idatzia, irratiak eta telebistak) aktualitatearen berri izateko kanal bakarrak eta ezinbestekoak ez direla gauza jakina den arren, "hedabide, kanal, sare eta plataforma digital berri gehienek oraindik ere ez dute kazetaritza-marka handien sinesgarritasuna eta informazioaren sendotasuna lortu".
Ginerrentzat, "aurrean dugun erronkarik handiena hauxe da: irakurleak, entzuleak eta komunitateak, hedabideetako enpresaburuak eta kazetaritzako erredakzioak multimediako ekosistema digital berri baten birtualitateak sortu, finkatu eta hedatzeko gauza izango diren, ekosistema berri horrek kalitatezko kazetaritzaren beste urrezko aro bat ekar dezakeelako eta ekarri behar duelako". Kazetariaren aburuz, hori "ez da erraza izango", baina "funtsezkoa da gizarte demokratiko aurreratu eta anitzak garatuko badira", kazetaritzaren arazo guztiak "kazetaritza gehiago eta hobearen bidez konpontzen baitira".
Innovationeko presidente eta sortzailearekin batera, beste hauek ere parte hartu dute gaurko jardunaldian: Miquel Urmeneta, Kazetaria eta Universitat Internacional de Catalunyako (UIC) komunikazio-irakaslea; Carmen Beatriz Fernandez, DataStrategia Consultores enpresako zuzendaria (DataStrategia aditua da iritzi publikoa ikertzen eta Teknologia berriei buruzko aholkularitza eskaintzen); eta Marco Ricorda, ALDE taldearen identitate digitalaren arduraduna Europako Parlamentuan. Enpresaren estrategia, komunikazio eta Branding arloetako aholkulari eta kazetari Rafael Susok koordinatu eta moderatu du jardunaldia.
Egia, beherantz
Bere hitzaldian, Miquel Urmenetak egia hil ote den galdetu du, ondokoa esan ostean: Brexit delakoaren gaineko erreferendumaren emaitzak eta Trumpen hautaketak "argiro eta gordinki adierazi digute, ingurumari politikoan, egiazkotasunak beherantz kotizatzen duela".
UICko irakasleak gizataldeen zeregina edo eragina aztertu du, iritzi-joeren sortzaile diren heinean. Urmenetaren iritziz, "egiaren osteko sasoian, hainbat elementuren bat egiteak eragiten dio bataila politikoari. Alde batetik, jarraitzaileen emozioak ustiatzen dituzte politikariak ditugu; beste alde batetik, negozio- eta eredu-krisi sakonak jota dauden hedabideak; eta azkenik, gero eta herritar gehiagori informazioa helarazteko zein eduki erabili behar den erabakitzen duten algoritmoen boterea dugu".
Miquel Urmenetaren hitzetan, hedabideak pairatzen ari diren krisia "aukera paregabea izan daiteke publikoak jabe daitezen berebiziko indarra dutela iritzi-joerak edo -korronteak eratzen. Berebiziko indar horrek –politikariek, hedabideek eta plataforma digitalek egiten dutenaz beste– boterea ematen die, baina, aldi berean, erantzukizuna egozten".
Bideoak eta mezularitza kanpainetan
Beste alde batetik, Europako Parlamentuan ALDE taldearen identitate digitalaren arduraduna den Marco Ricordak mass media berrien eta sare sozialen joerak eta erronkak aztertu ditu. Ricordak azpimarratu duenez, biziki garrantzitsua da "bideoak erabiltzea kanpaina politikoetan" eta horiek gailenduko omen zaizkie "argazki eta testuei". Ricordaren aburuz, kanpaina politikoek "messaging" delakoa (mezularitza) gero eta gehiagotan baliatuko dute.
Europako Parlamentuan ALDE taldeko nortasun digitaleko arduradun den Ricordak esan duenez, Facebook, Google eta Amazonek gero eta baliabide gehiago inbertitzen dituzte adimen artifizialean; izan ere, "gutxiago gehiago da" dioen minimalismoa nagusituko da, emozioak astintzen dituzten mezu labur eta zuzenen bidez.
Errealitate paraleloak
Eta DataStrategiako presidenteak, Carmen Beatriz Fernándezek, Teknologia berriek eta sare sozialek "errealitate paraleloak" eraikitzerakoan duten eragina aztertu du.
"Askotan, emozio eta norberaren usteetarako deiek gertaera objektiboek baino eragin handiagoa dute", adierazi du DataStrategiako presidenteak.
Fernandezek Ortega y Gasset filosofoa ekarri du gogora: "gizakia ezin da bizi inguruneko edo munduko itxura hasiberriaren aurrean erantzunik eman gabe; hala, ingurune horren gaineko eta gizakiak bertan izan dezakeen portaeraren gaineko interpretazio intelektuala eraiki ohi du". Carmen Beatriz Fernandezen iritziz, horixe dugu egiaren bilaketa bultzatzen duen gizakien nolakotasuna. "Hala eta guztiz ere, arazoa sor daiteke, egun bizi gaituen aroaren zorabioari erantzuteko, gizakiek interpretazio intelektual hori Twitter sareak eskaintzen dizkien 140 karaktereko sakontasunaz egiten dutenean", amaitu du.