Gizartea -
TRAFIKOA
Bi pertsona hil dira Irunen, auto-istripuan
Goizaldean izan da ezbeharra, N-121-A errepidean. Auto berean zihoazen bi pertsona hil dira; beste hiru lagun zauritu dira. Galdakaon beste istripu bat izan da, eta bi lagun zauritu dira.
EITB.EUS
Bi pertsona hil dira, bart, Irunen, auto-istripuan. Frantziako matrikula zuen auto baten eta fruta zeraman kamioi baten arteko istripua izan da, baina, oraindik, ez da argitu nola gertatu den. 26 eta 29 urteko gi gazte dira hildakoak, eta Frantziako herritartasuna zuten.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakitera eman duenez, autoan zihoazen bi pertsona dira hildakoak. Antza, ibilgailuaren barruan harrapatuta geratu dira, eta suhiltzaileen laguntzarekin atera dituzte gorpuak.
Hiru lagun zauritu dira, gainera; horietako bat autoan zihoan hirugarren bidaiaria da, eta beste biak, aldiz, kamioian zeudenak (gidaria eta haren ondoan zegoena). Haiek ere behar izan dute suhiltzaileen laguntza ibilgailutik irteteko. Hiru zaurituak Donostia Ospitalean daude.
N-121-A errepidean izan da ezbeharra, 73 kilometroaren parean, goizaldeko 04:15 inguruan. Ondorioz, errei bat Irungo noranzkoan itxi egin dute; Nafarrorako noranzkoan, errepide zaharretik ari dira igarobidea ematen (GI-3455etik), eta hala jarraituko dute egun osoan. Oraingoz, 11:00ak aldera, ez da auto-ilara nabarmenik izan.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du, istripua nola gertatu den argitzeko.
Bi zauritu, bat larri, Galdakaon, beste istripu batean
Igande honetako goizean (azaroaren 12an), gainera, beste istripu bat ere izan da, A-8an, Galdakao parean (Bizkaia), Txorierrirako irteeran. Bi lagun zauritu dira, eta bat larri dago; auto batean zihoazen, eta, ikertzen ari dira zergatik, auto hori errepidetik irten da eta erdibitzailearen aurka jo du, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez.
Ibilgailua gurutzatuta geratu da errepidean, eta igandeko 11:00etan auto-ilarak daude bertan, ondorioz.