Gizartea -
Trafikoa
Bide-segurtasuna 'lehentasun politiko' bihurtzea aldarrikatu dute Gasteizen
Euskadiko Stop Accidentes elkarteak, gainera, bide-segurtasuna sustatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko eskatu die erakunde publikoei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bide-segurtasuna "lehentasun politikoa" izatea aldarrikatu du Euskadiko Stop Accidentes elkarteak, eta bide-segurtasuna sustatzeko beharrezkoak diren aldaketak egiteko eskatu die erakunde publikoei.
Auto-istriputan hildako lagunak gogoratzeko nazioarteko egunaren harira, ekitaldia egin du elkarte horrek igande honetan Gasteizen, eta hainbat ordezkari politiko izan dira bertan, hala nola, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea.
Biktimei egindako ohorezko aurresku batek hasiera eman dio omenaldiari eta, geroago, Stop Accidentes elkarteak manifestua irakurri du. Jarraian, minutu bateko isilunea egin dute, eta 'desioen zuhaitzan' hildakoen argazkiak eta mezuak eskegi dituzte.
Bestalde, Segurtasun sailburuak gogoratu egin du trafiko-istripu gehienak gertatzen direla oro har "deskuiduengatik, alkohol eta drogak kontsumitu dituztelako edo gehiegizko abiaduragatik".