Gizartea -
HAURREN NAZIOARTEKO EGUNA
Terrorismorik, pobreziarik eta goserik gabeko mundu bat eskatu dute haurrek
UNICEFek argitaratutako inkesta baten arabera, horiek dira mundu osoko haurren desioak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etorkizuneko beren desioez galdetuta, terrorismorik, pobreziarik eta goserik gabeko mundu bat aldarrikatu dute mundu osoko haurrek, Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF) Haurren Nazioarteko Eguna (azaroak 20) dela eta argitaratutako txostenaren arabera.
"Eskola gehiago eraikiko nituzke, haur guztiek gosaltzeko aukera izateko, irakasleak ikasgelara joan eta eskolak emateko, ikasleak maitatu eta zaintzeko"; "pobreziarekin eta gosearekin amaituko nuke"; "buruzagiek inolako arrazoirik gabe gerrak hastea eragotziko nuke, amen eta haurren sufrimendua saihesteko". Horiek dira mundu osoko haurrek beren egunaren harira egindako aldarrikapenetako batzuk.
Inkesta horren arabera, haurren kezka nagusiak hauek dira: indarkeria, terrorismoa, eskola jazarpena eta hezkuntza. Inkestan parte hartu duten adingabeen % 65 terrorismoak eta hezkuntzak kezkatzen ditu, eta % 40, ostera, errefuxiatu eta migratzaileei emandako tratuak.
Halaber, inkesta egin duten herrialde guztietako haurren iritziz, mundu osoko buruzagiek lan egin beharko lukete terrorismoari, hezkuntza arloko gabeziei eta pobreziari amaiera emateko.
UNICEF erakundeak azpimarratu duenez, duela 28 urte sinatu zuen Nazio Batuen Erakundeak haur guztien eskubideak jasotzen dituen hitzarmena. Ordutik, urtero ospatzen da, azaroaren 20an, haurren nazioarteko eguna. Gaur egun, 195 herrialdek onartu dute hitzarmena; AEB ez dago horien artean.