Gizartea -
Gipuzkoan
45 behiren heriotza ikertzen ari dira Berastegin
Antza, behiek ez zuten janaririk, eta, lehen hipotesien arabera, "baztertuta" utzi zituzten edo "gaizki zainduta" zeuden.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundia Berastegiko (Gipuzkoa) abere-ustiategi batean gertatutakoa ikertzen ari da, 45 abelburu hilda topatu ondoren. Antza, behiek ez zuten janaririk.
Abereak ostegunean aurkitu zituzten. Lehen hipotesien arabera, "baztertuta" utzi zituzten edo "gaizki zainduta" zeuden. Guztira, ehun bat abere zeuden bertan, Foru Aldundiaren Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko iturriek jakitera eman dutenez.
Hainbat bizilagunek deitu zioten Foru Aldundira, Amerialde auzoko ustiategitik kirats jasanezina ateratzen zela ikusita. Aldundiak albaitaria bidali zuen bertara, eta 45 behi hilda aurkitu zituen bertako ukuilu batean.
Ostiralean, hildako behiak Ortuellan (Bizkaia) animaliak errausteko dagoen zentrora eraman zituzten, eta bizirik topatu zituzten behiak garbitu eta tratatzeari ekin zioten, ukuilua desinfektatu ondoren.
Osasun arduradunek ikerketa abiatu dute, bertan animaliak modu automatikoan elikatzeko erabiltzen duten mekanismoak huts egin duen argitzeko; izan ere, lehen zantzuen arabera, hildako behiek ez zuten indarkeria zantzurik, eta janari faltak eragindako gosearen eta hipotermiaren ondorioz hil direla uste dute.