Gizartea -

Jihadismoa

Jaurlaritzak erradikalizazio prozesuak antzemateko egitasmoa onartu du

Egitasmoaren barruan komunitate islamikoak egongo dira, erradikalizazio prozesuak muturreraino heldu ez daitezen.

Ertzaintza. Argazkia: EITB
Ertzaintza. Argazkia: EITB
Komunitate islamiarrarekin elkarlana, erradikalizazioa antzemateko

1:27

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak nazioarteko terrorismo erlijiosoari aurre egiteko egitasmoa onartu du. Besteak beste, erradikalizazio prozesuak garaiz antzemateko foro bat zuzenduko du Ertzaintzak, eta komunitate islamikoak izango ditu lagun lan horretan.

Iñigo Urkullu lehendakariak aurkeztu du plana Gasteizen, eta lau hilabeteko epea zabaldu dute bertara ekarpenak eta proposamenak egiteko.

Aurkezpenean, Urkulluk gogorarazi du jihadismoa "mehatxu larria eta mundu mailakoa" dela, eta horri aurre egiteko estrategia "zehatza, goitik beherakoa eta zentzuzkoa" egin behar dela.

Egitasmoaren puntu garrantzitsuenetako bat erradikalizazio prozesuak garaiz antzemateko foroa izango da. Bertan eremu batzuk lehenetsiko dituzte, espetxeak eta adingabeentzako zentroak tarteko, erradikalizazio zantzuak aztertu ostean, esku-hartze pedagogikoa egiteko.

Erradikalizazio prozesuan murgilduta daudenak terrorista ez bihurtzea da jokabide horren helburua, hori baita Europar Batasunaren terrorismoaren aurkako estrategiaren oinarrietako bat.

Alor horretan lan egingo duten ertzainei etengabeko heziketa emango diete, eta beste segurtasun indarrekin elkarlana indartuko dute, terroristen jatorriko edo atentatuak izan diren lekuko inteligentzia zerbitzuekin bezalaxe.

Era berean, erakundeen ardurapean edo preso dauden adingabeei eta gazteei heziketa eskainiko diete erradikalizazioa saihesteko.

Komunitate islamiarrekin akordioak lotzeko proposamenaz gain, kolektibo horiekin harremana izateko Batzorde Laguntzailea sortzea aurreikusten dute, helburu hau jarrita: "Euskal islama, tolerantea, irekia eta terrorismo erlijiosoaren aurkakoa".

Erlijioarteko Euskal Kontseilua

Erlijioarteko Euskal Kontseilua ere eratu nahi dute, presentzia nabarmena duten erlijioek osatua, terrorismo jihadistari edo xenofobia, islamofobia edo arrazakeriari erantzuna emateko erreferente bilaka dadin.

Lehendakariak azpimarratu duenez, egitasmoak "gizarte kohesioan eta aniztasunaren errespetuan oinarritutako elkarbizitza sustatzea eta babestea" du helburu, eta "nazioarteko terrorismo erlijiosoaren aurrean segurtasun maila handienerako baldintzak sortzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Gizartea albisteak Jihadismoa Albisteak