Gizartea -

1989ko hilketa

AEBk Ignacio Ellacuriaren ustezko hiltzailea Espainiaratu du

Inocencio Montano atzo heldu zen Madrilera. El Salvadorren zortzi pertsona, tartean Portugaleteko jesuita, hiltzea leporatu diote.

Montano, artxiboko irudi batean. EiTB
Inocente Montano. EiTB
Montano, artxiboko irudi batean. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBko Gobernuak Inocente Montano El Salvadorko koronel eta Defentsa ministroorde ohia Espainiaratu du. El Salvadorko Gerra Zibilean (1980-1992) Ignacio Ellacuria jesuita bizkaitarra eta beste zazpi pertsona hiltzea egotzi diote Montanori.

Diplomazia iturrien arabera, akusatuak Atlantako (Georgia) aireportutik Madrilerako bidaia egin zuen atzo.

Azaroaren 15ean eman zuen AEBko Auzitegi Gorenak koronel izandakoa Espainiaratzeko agindua, defentsak aurkeztutako helegite bat atzera botata. Egiaz, 2016ko otsailean agindu zuten estradizioa, baina atzeratzeko eginahalak egin ditu haren abokatuak.

1989ko azaroaren 16an El Salvadorko jesuiten unibertsitatean izandako sarraskia agintzea leporatu diote Montanori. El Salvadorko Armadak Ellacuria Erdialdeko Amerikako Unibertsitatearen (UCA) errektore eta Liberazioaren Teologiaren sortzailea hil zuen, beste zazpi pertsonarekin batera.

Egun hartan "heriotzaren eskuadroi" bat jesuiten unibertsitateko Artzain Zentroan sartu zen, han zeudenak lorategira irtenarazi zituzten eta ahoz behera jartzea agindu zieten. Biharamunean, hilik topatu zituzten, hainbat tiro zituztela.

Ellacuriarekin batera, honakoak hil zituzten: Amando Lopez, Juan Ramon Moreno, Segundo Montes, Ignacio Martin Baro, Joaquin Lopez, Julia Ramos eta horren alaba adingabea, Celina.

Azken bi urteak Ipar Carolinako espetxe batean eman ditu Montanok. Aurrez, 21 hilabeteko zigorra bete zuen bertan, erresidentzia baimenaren inguruan gezurra esateagatik El Salvadorrera ez itzultzeko, sarraskiagatik erantzun beharko zuelako han.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Justizia Unibertsala albisteak Espainia argazkiak Epaiketak Gizartea Gaurko azken orduko albistea Latinoamerika albisteak Giza eskubideak albisteak Ellacuriaren hilketa argitzeko epaiketa