Gizartea -
Iruñeko epaitegia
Kamioilari bati bi urte eta erdiko zigorra ezarri diote istripu larria eragiteagatik
Ezbehar larria AP-12 autobian, Iruñeko noranzkoan, gertatu zen 2016ko azaroaren 17an. Istripuan 37 urteko gizon bat hil zen.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko gai penaletarako 4. epaitegiko magistratuak kamioilari bati bi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri dio, duela urtebete AP-12 autobian istripu larria eragitegatik. Ezbeharrean 37 urteko gizon bat hil zen.
Epaia Nafarroako Auzitegiaren aurrean errekurritzeko aukera dute aldeek. Epaileak sententzian azaldu duenez, 2016ko azaroaren 17an 7:45 aldera akusatua bere kamioia gidatzen ari zen AP-12 autobian, Iruñeko noranzkoan.
Minutu batzuk lehenago, istripua izan zuen autobia bereko 21,414 kilometroan. Emakume batek gidatutako ibilgailu baten aurka talka egin zuen.
Argiztapen falta
Autoko gidariak ez zuen kamioia ikusi, argiztapen nahikorik ez zeramalako. Gainera, kamioia oso motel zihoan.
Istripuaren ondoren, biek ibilgailuak aparkatu zituzten, egoera aztertzeko. Gero akusatua errepidean sartu zen, autoko gidariaren aita autobiara berriz sartzeko maniobra egiteko laguntzen saiatu zen, baina kamioilariak ez zion jaramonik egin.
Akusatuak segundo batzuk eman zituen eskuineko bazterbidetik abiadura oso txikian eta larrialdi argiztapenik erabili gabe.
Une horretan akusatua autobiako eskuineko erreian sartu zen. 60 kilometro orduko gutxieneko abiadura du errei horrek. Segundo batzuk geroago, kamioia eskuineko erreitik zihoanean, 17,3 eta 27,3 kilometro arteko abiaduran, auto bat atzetik gerturatu zitzaion, ezkerreko erreitik eskuinekora pasatzen, aurreratze bat burutu ondoren.
Talka
Autoak akusatuaren kamioia ezustean aurkitu eta ezin izan zuen saihestu. Talka egin zuten 20,954 kilometroan.
Istripuan autoko gidaria hil zen. Hildakoaren ibilgailuak abiadura handiegian zihoanik ez dute epaiketan egiaztatu, ezta ezbeharra eragin zuenik ere.
Hildakoaren alarguna, 5 eta 7 urteko bi alabek, amak eta arreba batek laguntza eta tratamendu psikologikoa behar izan dute.
Hildakoaren aseguru-etxeak 14.894 euroko kalte-ordaina eman dio alargunari, ibilgailuaren baliogatik. Autoa ezbeharrean txikituta geratu zen.
Sententzian, arduragabekeria larriagatik homizidio delitu bat egotzi diote kamioilariari. Horregatik, bi urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote. Era berean, biktimaren senitartekoei 153.222 euroko kalte-ordaina eman beharko die.