Gizartea -
Alkatea 2011tik 2015era arte
Maroto alkate zela Gasteizko Udalean ustez izandako delitu batzuk ari dira ikertzen
Epaitegi batek ikerketa abiatu du Udalak zabor-bilketako bi kamioirengatik gainprezioa ordaindu ote zuen aztertzeko; 660.000 euro ordaindu zituen. PPk gogorarazi du Kontu Auzitegiak artxibatu zuela.
Agentziak | Erredakzioa
Gasteizko epaitegi batek ikerketa abiatu du, prebarikazioko ustezko delituagatik eta dirua ustez bidegabe erabiltzeagatik, Gasteizko Udalak egindako erosketa baten harira; hain zuzen ere, Javier Maroto alkate zela, Udalak 660.000 euro ordaindu zituen (BEZik gabe) zaborra biltzeko bi kamioirengatik, baina beste udal batzuek antzeko erosketa bat egin izan dutenean askoz ere gutxiago ordaindu omen izan dute. Gaur egun PPko Gizarte Politikako idazkariordea da Maroto.
Salaketa bat jaso du Arabako Fiskaltzak, eta, hortaz, ikerketa abiatu du; izan ere, baliteke Udalak gainprezioa ordaindu izana.
Ibilgailuak 2015ean erosi zituzten, Gasteizko Udalak FCC enpresarekin zuen garbiketa-kontratua luzatuta zegoenean.
Fiskaltzaren jardunak Ministerio Publikoak jasotako salaketa anonimo bat izan du abiapuntu, Josu Izaguirre Arabako fiskal buruak Europa Pressi jakitera eman dionez.
Izaguirreren esanetan, Fiskaltzak salaketa guztiak ikertu behar ditu, eta ikerketa horri esker argituko dute salaketa honek "oinarririk" duen ala ez.
2015ean, Javier Maroto alkate zen garaian, egindako erosketa horren inguruan prebarikazio-delitua egon zen eta dirua bidegabe erabili zuten argitu beharko dute.
Nolanahi ere, Izaguirrek zehaztu du oso goiz dela beste edozer aurreratzeko; izan ere, ikerketa judiziala fase “oso primarioan” dagoela.
PPk gogorarazi du artxibatua izan zela
Gasteizko PPk gogorarazi du Kontuen Auzitegiak ez zuela "inolako irregulartasunik eta gainkosturik" antzeman Maroto alkate zenean bi kamioi erosi zituztenean, beraz, ez dio "inolako ibilbiderik" ikusten auzitegiaren ikerketari.
Izan ere, PPk gogorarazi du auzia "Kontuen Auzitegiak artxibatua" izan zela.
Gainera, popularrek EH Bilduren jarrera kritikatu dute, gai honen inguruan gezurrak esatea leporatuta. Koalizio abertzalea izan zen uztailean Kontuen Auzitegira jo zuena, kamioien erosketan gainkostua izan zela egiaztatzeko dokumentuekin.
Koalizioak berretsi egin du bere jarrera eta Gorka Urtaran alkateari eskatu dio kontu ikuskaritza jartzeko martxan eta ez begiratzeko "beste aldera".
Estatuko Kontu Auzitegiak ere aztertu zuen
Ibilgailu horien erosketa Estatuko Kontu Auzitegiak ere aztertu zuen bere garaian; izan ere, auzitegi horrek ikerketa hasi zuen Gasteizko Udalak FCCrekin zuen garbiketa-kontratuan balizko "irregulartasunak" egon zitezkeelakoan.
Kontu Auzitegiko fiskalaren iritziz, FCCk lan batzuk zituen oraindik egiteke, kontratuaren luzapena indarrean sartu zenean. Udaleko teknikarien arabera, lan horiek guztira 820.846 euroko balioa zuten.
Ikerketa hasi zenean, Marotok hainbat agiri bidali zizkion Kontu Auzitegiari, enpresak egin gabeko lanik ez zeukala frogatzeko.
Dokumentazio guztia aztertuta Jose Angel Serrano Ruiz fiskalak egiaztatu zuenez, kontratatutako zerbitzu guztiak eman zituen FCCk.
Hortaz, "irregulartasunak" zuzenduta zeuden, eta ez zegoen funts publikoetarako inolako kalterik. Ondorioz, kausa artxibatzea eskatu zuen.
Fiskalaren iritzia Maria Antonia Lozano Kontu Auzitegiko kontseilariak berretsi zuen, eta kausa artxibatzeko agindu zuen, ez baitzuen inolako kontabilitate-ardurarik ikusi.