Gizartea -

Gipuzkoa

Villabonan, Urnietan eta Lasarten lapurretak egin dituen banda bat desegin dute

Lau kide zituen bandak; gazteenak 21 urte ditu, eta zaharrenak 26. Astearte honetan atxilotu dituzte, eta azken hilabeteotan egindako gutxienez bost lapurreta egotzi dizkiete.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak lau kide zituen banda bat desegin du. Azken hilabeteotan egindako gutxienez bost lapurreta egotzi dizkiete; Villabonan, Urnietan eta Lasarte-Orian gauzatu dira lapurreta horiek. Bi emakumezko eta bi gizonezko zeuden taldean; gazteenak 21 urte ditu, eta zaharrenak 26.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, atxilotuek koordinaturik lan egiten zuten; antolatzen ziren euren artean, xede izanik bitxiak eta dirua lapurtzea zenbait etxetan. Beti egiten zituzten lapurretak etxeetako bizilagunak barruan ez zeudenean. Lasarte-Orian atxilotu zituzten asteartean, beste lapurreta bat egin ostean.

Polizia-ikerketak azaroaren amaieran hasi ziren; izandako hiru lapurrengatik, salaketak jaso zituen Ertzaintzak, eta ikerketa abiatu zuten. Hernaniko ertzain-etxeko agenteek hartu zuten parte bertan, Urola Kostakoen eta Gipuzkoako Ikerketa Lurralde Zerbitzuaren laguntzarekin.

Lapurrek antolaturik lan egiten zutela ondorioztatu zuten: gizonezkoetako bat aukeratutako etxean sartzen zen, eta bi emakumezkoek laguntza ematen zioten atarian; izan ere, gerturatzen zen jendea nahasten zuten. Laugarren kidea ibilgailu baten barruan geratzen zen; lapurreta amaituta, ihes egiten zuten denek.

Azken lapurreta, Lasarte-Orian, asteartean

Astelehenean, ikertzaileek baieztatu zuten aukera zegoela susmagarriak beste lapurreta bat gauzatzen saiatzeko (frantziar matrikula zuten hiru auto erabiltzen zituzten, eta Gipuzkoako kostaldeko hotel batean hartzen zuten ostatu); hortaz, bandari jarraitzen hasi ziren.

Horrela, asteartean, ustezko lapurrak Lasarte-Oriara joan ziren autoz, eta beste lapurreta bat gauzatu zuten. Ihes egin zutenean, baina, Polizia haien atzetik joan zen. Atxiloketa oztopatzen saiatu ziren, eta, berez, bidea ixten zien polizia-auto baten aurka egin zuten talka, nahita.

Gerora, bi gizonak ahalegindu ziren atxiloketari aurka egiten; emakumeek, aldiz, ez zuten horrelakorik egin. Autoaren atzealdean zihoazen emakumezkoak.

Ertzaintzak ondorengo delituak egozten dizkie bandako kideei: etxeetan indarrez egindako lapurretak, agenteen aurkako atentatua, kalteak, eta erakunde edo talde kriminaleko kideak izatea. Ikerketa zabalik dago oraindik.

Ertzaintzak atxilotuen hiru ibilgailuak hartu ditu, bai eta hainbat tresna ere, mugikorrak eta dirua. Zeuden hotelean, aldiz, bitxi batzuk, giltzak eta beste gauza batzuk ere hartu dituzte.

Atxilotuak gaur jarriko dituzte epailearen esku, polizia-diligentziak amaituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gaurko albisteak Gipuzkoa Delituak azken ordukoa Gizartea Lasarte-Oria bideoak Villabona bideoak Urnieta bideoak Gaurko azken ordukoa Ebasketak albisteak