Gizartea -
ERREPORTAJEA
Casilda Iturrizar parkea, gurdietatik mundu digitalera
1907. urtean Ricardo Batistak disenatutako hiriaren arnasgune ezaguna, 'Vivir los parques' plataforma digitalaren bidez bisita daiteke.
Ixone Arana | EiTB.eus
100 urtetik gora dituen Atlasko zedro bat, jateko onak ez diren gaztainak ematen dituen indi gaztainondo bat, ohiko kolore berdea izan beharrean gorrixka duen pago bat, botila forma duen Brachychiton bat… Horiek dira Casilda Iturrizar parkeak, Bilboko berdegune garrantzitsuenetariko batek, dituen altxorretako batzuk.
Jadanik ez da beharrezkoa Abandoraino joatea bere bideetan zehar galtzeko, izan ere, zuhaitzak, parkea apaintzen duten eskulturak eta bertako txoko guztiak Vivir los parques izeneko plataforma digitalaren bidez ikus daitezke. Bartzelonako Ciutadella parkea eta Valentziako Realeko lorategiak ez ezik, Casilda Iturrizar parke ezaguna ere ikus daiteke bertan.
(Argazkia: Jesus Maria Tortajada)
1907an diseinatu zuen parkea Ricardo Bastida bilbotar arkitektoak, eta Zabalguneko parkea izenarekin ezagutu zuten 1945. urtera arte. Maite Lorenzo arkitektoak ikerketa bat egin berri du Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, leku horren atzean dagoen istorioa ezagutzeko.
"1912an hasi ziren egiten eta 1920an bukatu, baina gero beste elementu batzuk gehitzen jarraitu zuten, urmaela eta pergola besteak beste", bilbotar arkitektoaren arabera. Lorenzoren esanetan, hasierako proiektuan hauek zeuden: gurdientzako korridore handi bat, hiriko bi zonaldeak (Abandoibarra eta Zabalgunea) lotzen zituen biribilgune eliptiko bat eta, kota baxuenetan, parke bat, "ukitu askoz ere erromantikoagoa duena, bide bihurgunetsuz betetakoa eta zarataz aldendutakoa".
(Argazkia: Julen Iturbe)
Hiriko gune nagusietatik oso gertu egon arren, Casilda Iturrizar parkea toki lasaia da oraindik, eta bilbotarrek nahiz bisitariek paseatzeko edo atseden hartzeko erabiltzen dute. Bestalde, txikienek ere gozatzen dute urmaeleko ahate, zisne eta pauma espezie ugari ikusten edo zabuetan jolasten.
Baina hiriaren arnasgune hori bereizten duen zerbait badago, bere landareak dira. Gaur egun, parkeak 71 espezietako 885 zuhaitz ditu, 5 kontinenteetakoak. Horietako askok ehun urtetik gora dituzte, baina, zergatik Bilbon? "Inguruan ditugun herrietan bizi ezin litezkeen espezie subtropikalak ditugu hemen", adierazi du Iñaki Ganboa Bilboko Udaleko parke eta lorategien arduradunak. Ganboaren hitzetan, Bizkaiko hiriburuak "ez du oso klima zorrotza eta zuhaitz horiek bizitzea ahalbidetzen du".
(Argazkia: Jesus Maria Tortajada)
Casilda Iturrizar parkea leku paregabea da. Orain pantailetatik ere begiztatu daitekela, ez dago aitzakiarik gordetzen dituen sekretuak aurkitu eta transmititzen dituen bizitzaz, eta aldi berean baretasunaz, kutsatzeko.