Gizartea -
Auzitegi Konstituzionala
Agiri gabeko etorkinak Osakidetzan artatzea bermatzen zuen EAEko araua, baliogabe
Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak araua baliogabe utzi du, aldeko zazpi botorekin eta bost boto partikularrekin, horietako bat aurkakoa.
Agentziak | Erredakzioa
Agiri gabeko pertsona etorkinak Osakidetzan artatzea bermatzen zuen araua baliogabe utzi du gaur Auzitegi Konstituzionaleko osoko bilkurak, aldeko zazpi botorekin eta bost boto partikularrekin, horietako bat aurkakoa. Horrela, ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuko arau batzuk bertan behera utzi ditu Auzitegiak; konkretuki, 16/2012 Errege-dekretuak osasun arretatik kanpo uzten dituen pertsonei erreferentzia egiten diotenak, egoera irregularrean dauden pertsona etorkinak, alegia.
Eskumen gatazka positiboa partzialki onartu du epaiak. Horrela, 1 artikulua baliogabe utzi du, tartekia: “Osasun Sistema Nazionalaren bidez osasun arretatik at dauden pertsonak, aseguru eta onuradun baldintzarik ez dutelako”.
Era berean, 18/2012 Foru Legea baliogabe utzi du Konstituzionalak; konkretuki, botiketako diru-laguntzen koordainketari erreferentzia egiten dioten artikuluak. “Erkidegoko arauak erabiltzaileen ekarpenen baldintzetan desberdintasunak barneratzen ditu eta, ondorioz, Estatuaren oinarrizko araudian jasotako botiken finantziazio baldintzetan; irizpideak ez datoz bat Estatuaren oinarrizko araudi horrekin; horrek gatazka agerian utzi eta konstituzio-kontrakotasuna zehaztu du, eta baita ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuko 8. artikuluaren tartekien baliogabetasuna ere, Estatuko oinarrizko araudiarekin kontraesanetan daudelako”, azaldu du sententziak.
Magistratuen hitzetan, “prozeduran zeharkako konstituzio-kontrakotasuna planteatzen da; izan ere, erkidegoaren arauak ez du Konstituzioa zuzenean urratzen, zeharka baizik, Konstituzioaren azpitik dagoen araua urratzen baitu, Estatuak bere eskumenen garapenean aplikatu duena”.
Bost boto partikular
Alde batetik, Antonio Narvaez Rodriguez magistratuak aurkako boto partikularra eman du. Sententziaren kontrako jarrera partziala azaldu du epaileak.
Bestalde, Fernando Valdes Dal-Re, Juan Antonio Xiol Rios, Candido Conde-Pumpido Touron eta Maria Luisa Balaguer Callejon magistratuek boto partikular bateratua eman dute.