Gizartea -
Adingabeen zentroa
Adingabe bat atxilotu dute Zornotzako zentroko sutearen egilea delakoan
Sua nahita edo nahigabe piztu ote zuen ikertzen ari dira orain.
Agentziak | Erredakzioa
Zornotzako (Bizkaia) adingabeen zentroan bizi zen adin txikiko bat atxilotu dute asteartean aterpetxean izandako sutearen egilea delakoan.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eman du atxiloketaren berri. Horren esanetan, atzo hartu zuten atxilo Durangoko Ertzain-etxeko agenteek, Adingabeen Fiskaltzak aginduta. Gazteak fiskalaren aurrean deklaratu du jada, sailburuak zehaztu duenez.
Sutea nahita edo nahigabe piztu ote zuen ikertzen ari da orain Ertzaintza.
Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen du Zornotzako adingabeen aterpetxea, eta lurraldera bakarrik heldu diren etorkin adin txikikoak hartzen ditu bertan. Beraz, 40 adingabe hartzeko lekua du, baina hainbat elkartek eta alderdik salatu dutenez, askoz ere gehiago bizi dira bertan.
Aurretik ere antzeko gertakariak izan dira zentroan, baina ez asteartekoa bezain larriak.