Gizartea -
Osakidetza
Galdakaoko ospitaleko eskaner berriak 9.000 proba egingo ditu urtean
64 korotako eskaner berria ekipo modernoagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da. Ikerketa berriak egitea ahalbidetuko du, eta tratamendu zehatzagoen eta pertsonalizatuagoen mesederako izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak 700.000 euroko inbertsioa egin du Galdakaoko ospitaleko eskaner berrian, eta batez beste 9.000 proba egingo ditu urtean, Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez. Darponek ospitalea bisitatu du ostegun honetan.
64 korotako eskaner berria ekipo modernoagoa, azkarragoa eta zehatzagoa da. Ikerketa berriak egitea ahalbidetuko du, eta tratamendu zehatzagoen eta pertsonalizatuagoen mesederako izango da. Halaber, aparatutik pasatzean gaixoek erradiazio-dosi txikiagoa jasoko dute.
Eskanerra edo OTA (ordenagailu bidezko tomografia axiala) proba diagnostiko bat da, eta X izpien bidez organismoaren barruko irudi erradiografikoak ateratzen ditu zeharkako ebakiduretan, ebakidura sagitaletan eta koronaletan, bai eta 3D edo 4D irudiak ere.
Ekipo berriarekin azterketa erradiologiko berriak egin ahal izango dira, hala nola perfusio azterketak (kontrasteak ehunetan egiten duen bidea ikusteko proba), litiasien azterketa eta azterketa koronarioak. Metalezko materialak dituzten (protesiak) pazienteetan irudia ere hobetzen du eta 4D azterketa dinamikoak egiteko aukera ematen du. Denbora errealean hobetzen du 3D tekniken bidez gidatutako esku hartzea, lesioetan hobeto orientatuta egoteko eta arrisku eremuak saihesteko.
Eskanerra egokitzeko lanari esker, gerta daitezkeen erreakzio kaltegarriak azterketaren aurretik eta ondoren kontrolatzeko pazienteak zaintzeko gela bat ere egin ahal izan da, bai eta txostenak egiteko eta hezur eta muskuluen ekografia egiteko gelak ere.