Gizartea -
Bilbo
Boluetako harrapaketaren ustezko egilea identifikatu dute, eta haren bila ari dira
Gertakaria abenduaren 25ean izan zen, eta bi gazte zauritu ziren. Gidariak ihes egin zuen, inolako laguntzarik eman gabe.
Agentziak | Erredakzioa
Udaltzaingoak Boluetan abenduaren 25ean izandako harrapaketaren ustezko egilea identifikatzea lortu du, eta haren bila ari da orain. Bi pertsona zauritu ziren, eta gidariak ihes egin zuen, laguntzarik eman gabe.
Udalak ohar batean azaldu duenez, abenduaren 25ean bi pertsona (22 eta 23 urte dituzte) harrapatu zituzten Telleria kalean, Santa Ana industrialde barruan, Bilboko Bolueta auzoan, eta ibilgailuko gidariak ihes egin zuen.
Bi gazteak Basurtuko eta Gurutzetako ospitaletara eraman zituzten, eta bertan jarraitzen duten, zaurien larritasuna dela eta.
Udaletik esan dutenez, istripua izan zen unetik Udaltzaingoak lan-talde bat bideratu zuen, "modu intentsiboan", harrapaketan parte hartutako ibilgailuak eta pertsonak aurkitzeko.
Gertakariaren lekuan ikerketaz arduratzen diren agenteek hainbat zantzu jaso zituzten, eta egoera argitzea ahalbidetu diete. Ibilgailua gidatzen zuen pertsona identifikatu ostean, haren bila ari dira.
Udaltzaingoak lortutako informazioaren arabera, bi ibilgailu izan ziren istripuan parte hartu zutenak: batetik, gris koloreko Opel Astra bat, banda beltzekin, eta bestetik 3. serieko BMW bat (harekin egin zuen harrapaketa).