Gizartea -
Diana Querren auzia
Abuinek ez du epailearen aurrean deklaratuko Diana Querren autopsia ezagutu arte
Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak espetxe zigorra berretsi du 'el Chicle' delako auzipetuarentzat, Diana Querren desagerpena eta heriotza egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Enrique Abuinek epailearen aurrean deklaratzeari uko egin dio gaur ere, Diana Querren autopsiaren emaitzak ez baitira atera, auzipetuaren abokatuak Efe albiste agentziari jakinarazi dionez.
Hori horrela, hildako gazte madrildarraren autopsia ezagutzera ematen dutenean, 'el Chicle' delakoak epailearen aurrean deklaratuko duela esan du bere abokatuak. Diana Querren gorpua, Abuinek berak esandako industria eraikin huts batean aurkitu zuten.
Beraz, deklaratzeari uko egin eta gero, Ribeirako instrukzioko epaitegiak prebentziozko espetxealdi inkomunikatua eta fidantzarik gabe ezarri dio akusatuari, aurreko astelehenean guardiako epaitegiak egin zuen bezala.
Kasua ireki berritan, haren emazteari, Rosario Rodriguezi, egin dio galdeketa epaileak eta aske utzi du inolako baldintzarik gabe, baina inputatuta jarraituko du.
Rodriguezek epailearen galdera guztiei erantzun die, Ricardo Perez Lama Diana Querren gurasoen akusazio partikularreko abokatuak jakinarazi duenez.
Diana Quer 2016ko abuztuaren 22an desagertu zen eta bere gorpua joan den abenduaren 31an topatu zuten Rianxon, akusatuak berak esandako tokian.