Gizartea -
Euskadi
Alerta laranja ostegunera arte eta abisu horia ostiralean, olatu handiengatik
Datozen egunetan sei metro arteko olatuak espero dira.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia eta alerta laranja ezarri du ostiralera arte, itsasaldeko arriskuagatik.
Gaur, asteazkena, alerta laranja ezarri dute egun osoan nabigaziorako. Halaber, abisu horia ezarri dute arratsalderako (16:00etatik 18:00etara); izan ere, 5-6 metroko olatuak izatea espero dute.
Ostegunerako ere, itsaso zakarra aurreikusi dute, eta abisu horia ezarriko dute nabigaziorako, 3,5 eta 5 metro arteko olatuak iragarri dituztelako. Gainera, alerta laranja sartuko da indarrean 04:00etatik 07:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, kostaldean kalteak izateko arriskuagatik.
Ostiralean indarrean jarraituko du nabigaziorako abisu horiak. Horrez gain, abisu horia ezarriko du 05:00etatik 07:00etara, lau metro arteko olatuengatik.