Gizartea -
Gipuzkoako Auzitegia
Sei urteko espetxe-zigorra gizon bat begi batetik itsu uzteagatik
Lesio larrien delitua leporatu diote auzipetuari, eta biktimari 80.240 euroko kalte-ordaina eman beharko dio. Gertakariak 2015eko ekainaren 1ean jazo ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Edalontzi batekin jo eta biktima bat begi batetik itsu utzi zuen gizonak gertakariak eta sei urteko kartzela-zigorra onartu ditu gaur, Fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin akordio batera heldu ondoren. Ministerio Publikoak zortzi urteko espetxe-zigorra eskatu zuen.
Auzipetua gaur goizean epaitu dute Gipuzkoako Auzitegian. Lesio larrien delitua leporatu diote auzipetuari, eta biktimari 80.240 euroko kalte-ordaina eman beharko dio kalteengatik, sendatzeko behar izan zuen denboragatik eta geratu zaizkion arrastoengatik.
Hasiera batean, Fiskaltzak zortzi urteko espetxealdia eskatu zuen, eta baita 120.000 euroko kalte-ordaina ere, baina eskakizuna murriztu du egindako kaltea konpontzeko aringarria aplikatuta; izan ere, erasotzaileak 8.000 euro aurkeztu ditu epaitegian biktimari ordaintzeko.
2015eko ekainak 1
Fiskaltzaren akusazio idatziaren arabera, gertakariak 2015eko ekainaren 1ean jazo ziren 06:00ak aldera. 31 urteko biktima bikotekidearekin dantzaleku batean zegoen. Zigortua hurbildu eta elkarrizketa hasi zen.
Jarraian, auzipetuak biktimari edalontzi batekin aurpegian jo zion. Gizonari ebakuntza egin behar izan zioten, eta 353 egun behar izan zituen guztiz sendatzeko; horietako hamar ospitalean eman zituen.
Kolpearen ondorioz, biktimak arrastoak ditu, ezker begitik itsu geratu da eta aldebakarreko afakia du, baita begi-bistako kalte estetiko bat ere.