Gizartea -
Garabi bat erori da
Santurtzin kaltetutako eraikinaren bizilagun batzuk ezin izango dira etxera itzuli
Udaleko arkitektoek eraikineko kalteak aztertu dituzte. Zazpigarren eta zortzigarren solairuetako lau etxebizitzatara oraingoz sartzerik ez dagoela erabaki dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Garabi bat gainera erorita, Santurtzin (Bizkaia) kaltetutako blokearen bizilagun batzuk ezin izango dira etxera itzuli oraingoz, bertako Udaleko iturriek baieztatu dutenez. Udaleko arkitektoek eraikineko kalteak aztertu dituzte. Zazpigarren eta zortzigarren solairuetako lau etxebizitzatara sartzerik ez dagoela erabaki dute. Gainerako bizilagunek etxera bueltatzeko arazorik ez dute izango.
Ezbeharra 15:40 aldera gertatu da Santurtziko Iparragirre kalean, lehen CLHko tangak zeuden zonaldean. Orain etxebizitza berriak eraikitzen ari dira bertan.
Bloke berriak eraikitzeko lanetan ari zen garabi handi bat (zortzi solairuko altuera zuen) behera etorri da eta beste eraikin baten aurka talka egin du. Etxebizitza horiek orain dela gutxi entregatu dituzte, horregatik solairu batzuk soilik daude okupaturik, Udalak zehaztu duenez.
Dozena bat lagun, etxetik kanpo
Langile bat arin zauritu da istripuan eta Gurutzetako ospitalera eraman dute. Gainera, kaltetutako eraikina hustu dute, guztira, dozena bat pertsona.
Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira, baita Udaleko arkitektoak ere. Garabiak eraikinaren egituran kalterik egin duen aztertu dute.
Udalak azaldu duenez, bizilagun guztiak etxera itzultzea erabaki dute arkitektoek, zortzigarren eta zazpigarren solairuetako hiru etxebizitzenak izan ezik.