Gizartea -

Bilbo

Segurtasun eza handiagoa onartu, baina 'irmotasuna' agindu du Aburtok

Segurtasunaren inguruko eztabaida Bilboko Udalbatzara heldu da, PPk proposatuta.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen irudia. Artxiboko irudia: EiTB
Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen irudia. Artxiboko irudia: EiTB
Alderdi guztiek onartu dute segurtasunaren inguruko pertzepzioa aldatu dela

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken asteetako gertakari tragikoen ondoren, hirian segurtasun sentsazioak behera egin duela onartu du gaur Bilboko Udal Gobernuak (EAJ-PSE), baina Juan Mari Aburto alkateak “lasaitasuna” eskatu eta “irmotasuna” agindu du.

Indarkeriak protagonismoa hartu du azken asteetan Bizkaiko hiriburuan, 87 urteko adineko bikotearen hilketarekin, Otxarkoaga auzoan. Ustez 14 urteko bi nerabe izan dira egileak. Segurtasunaren inguruko eztabaida Bilboko Udalbatzara heldu da gaur.

Udalbatzan, talde politiko guztiek (EAJ, PSE, EH Bildu, PP, Udalberri eta Ganemos Goazen Bilbao) Lucia eta Rafael Otxarkoagako bikotearen eta Ibon Urrengoetxea Zornotzako futbol jokalari ohiaren senideei eta adiskideei elkartasuna eta doluminak agertu dizkiete. Urren abenduaren 23an hil zuten bi adingabek, Bilbon.

Bilbo "ez da arriskutsua"

Eztabaidan, segurtasun sentsazioak behera egin duela onartu dute alkateak, Tomas del Hierro (EAJ) Segurtasun zinegotziak eta Alfonso Gil (PSE) alkateordeak; baina Bilbo “ez da arriskutsua”, azpimarratu dute. Horrela, “lasaitasun” mezu bat zabaldu nahi izan dute. Era berean, “irmotasunarekin” jardungo dela ziurtatu dute.

Aburtoren hitzetan, segurtasun eza “ezin daiteke gizartean txertatu”. Zentzu horretan, Bilbo hiri “segurua” izaten jarraitzeko konpromisoa nabarmendu du alkateak.

PPren proposamena

Segurtasunaren inguruko eztabaida PPren proposamen baten eskutik iritsi da Udalbatzara. “Segurtasun egitasmoa eta polizia eredua Udaltzaingoko sindikatuekin batera planifikatzea” proposatu dio Alderdi Popularrak Udal Gobernuari, “segurtasun gaietan oraineko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Proposamenari zuzenketa aurkeztu dio Gobernuak, “alkateak alderdi politiko guztiei aurkeztutako segurtasun itunean sakontzeko, Bilbo seguruago baten aldeko tresna gisa”. Azkenean proposamena zuzenketarekin batera onartu du Udalbatzak.

EAJk eta PSEk zuzenketa babestu dute, Ganemos Goazenek kontrako botoa eman du eta EH Bildu, PP eta Udalberri abstenitu dira. Guztiek PPren jarrera kritikatu dute.

Urkulluk dio Euskadi "erreferentzia" dela segurtasunari dagokionez

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariaren esanetan, Bilbon azken asteotan izandako gertaera bortitzen ondorioz (Otxarkoagako hilketa, edo Ibon Urrengoetxearen aurkako krimena, besteak beste), "aztoratzeko moduko egunak" ari gara bizitzen; hain zuzen ere, Urkulluren iritziz, gertaera horiek "krudelak eta onartezinak" dira.

Hala ere, esan du Euskadi "erreferentzia" dela, segurtasunari dagokionez, eta konpromisoa azaldu du, "Euskal Autonomia Erkidegoa guztion artean hobetzen jarrai dezagun".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Bilboko azken albisteak Delituak bideoak Gizartea Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Otxarkoaga gaur