Gizartea -
internet
Bilboko epaile batek Interneteko erabiltzaile bat kondenatu du, film bat jaisteagatik
Erabiltzaileak 150 euro ordaindu beharko ditu, 'Dallas Buyers Club' pelikula jaisteagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko Merkataritza arloko 1. epaitegiak Interneteko erabiltzaile bat kondenatu du, ‘Dallas Buyers Club’ filma jaisteagatik. Hori horrela, erabiltzaileak 150 euro ordaindu beharko dizkio ekoiztetxeari, kalte-ordainetan.
Urtarrilaren 5ean sinatutako epai batean, Marcos Bermudez epaileak partzialki onartu du konpainiak egindako eskaera. IP baten jabearen aurka egin zuen enpresak, haren Internet konexioaren bidez pelikula bat jaitsi zelako.
Epaian, epaileak nabarmendu egin du deskargak “legez kanpokoak” direla, eta legez kanpoko jaitsiera egin den linearen jabea “erantzulea” dela ebatzi du. Epaiketan, kondenatuak ukatu egin zuen pelikula berak jaitsi izana. Horren aurrean, epaileak adierazi du “egia” dela ez dela frogatu nork jaitsi zuen filma, baina konexioaren jabea bera delako kondenatu du. “Frogatu bada pelikula bat konexio batean pirateatu dela, linea horren jabeak izan behar du erantzulea”, azpimarratu du epaian.