Gizartea -
Hezkuntza
Irakurmena hobetzeko plana helarazi die Eusko Jaurlaritzak ikastetxeei
Ikasleen irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna hobetzea da helburua. Ikastetxe bakoitzak bere beharrizanetara egokituko du plana.
Agentziak | Erredakzioa
Hezkuntza Sailak ikasleen irakurmena hobetzeko gomendioak, irizpideak eta materiala dokumentu batean bildu ditu eta plana Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskura jarri du.
Planarekin batera, Irakurgunea izeneko atari digitala abiarazi du. Esperientzia ezberdinak zabaltzeko eta konpartitzeko erabiliko dute webgunea.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Maite Alonso sailburuordeak agerraldia egin dute Donostian planaren xehetasunak azaltzeko.
Ikastetxe bakoitzak aukera izango du plana bere errealitatera eta beharrizanetara egokitzeko.
Uriartek esan du Hezkuntza Sailarentzat "estrategikoa" dela irakurmena, "ondo irakurtzea eta irakurritakoa ulertzea beste materia guztietan hobera egiteko ezinbestekoa delako".
"Honek ez dio soilik literaturari edo euskarari eragiten, ikasgai guztietan du eragina, baita emaitza akademiko orokorrean ere", erantsi du.
Erreminta berria irakasleek erabiliko dute eta haien ardura izango da edukiz hornitzea. Planak hiru helburu nagusi ditu: batetik, ikasleak irakurtzen duten hori ulertzeko gai izatea; aisialdian irakurtzeko ohitura izatea; eta ahozko eta idatzizko komunikazioan hobera egitea.
Arestian esan bezala, ikastetxe bakoitzak plana bere beharrizanetara egokitzeko aukera izango du. Horretarako ondoko urratsak eman beharko dituzte: egoeraren azterketa egin, helburuak zehaztu, eginbeharrekoak proposatu eta gauzatu eta lortutako emaitzaren balorazioa egin.