Gizartea -
Erreskatea Pirinioetan
Euskal Herriko bi mendizale onik atera dira gaua Aspeko harkaitzean pasa ondoren
Mendizaleak 33 urteko Berriozarreko eta 35 urteko Bergarako bizilagunak dira. Astearteko azken orduan Aspe mendiko Murcielagos ertzean ez atzera ez aurrera geratu ziren.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak Euskal Herriko bi mendizale erreskatatu ditu gaur goizean, Pirinioetan. Astearteko azken orduan Aspe mendiko (Aisa, Huesca) Murcielagos ertzean ez atzera ez aurrera geratu ziren. Eguraldi txarragatik guardia zibilak gauean hurbiltzea ez da posible izan.
Guardia Zibilak jakitera eman duenez, abisua 20:10 aldera jaso zuten asteartean. Telefonoz deitu zieten.
Guardia zibilak berehala bertaratu ziren, eta Candanchu eski-estazioko langileei laguntza eskatu zieten. Makina batekin agenteak menditik hurbil utzi zituzten.
Zeropeko tenperaturak
Zeropeko tenperaturekin, guardia zibilak oinez mendiaren tontorrera igo ziren, elurra eta izotza gaindituz, 700 bat metro igota. Murcielagos ertzetik bi mendizaleengana hurbiltzen saiatu ziren, babesik gabeko izoztutako zonetatik.
Kanal zail batetik hurbildu ondoren, espezialistak mendizaleekin harremanetan jarri ziren 03:00ak aldera. Nahiz eta hotz handia egin ondo zeudela jakinarazi zieten mendizaleek guardia zibilei. Horregatik, asteazken goizera arte itxarotea erabaki zuten.
33 urteko Berriozarreko (Nafarroa) eta 35 urteko Bergarako (Gipuzkoa) mendizaleak 06:30ean altxatu ditu Guardia Zibilaren helikopteroak, eta ondoren toki seguru batera eraman dituzte.