Gizartea -
Hezkuntza
Haur eta Lehen Hezkuntzarako aurrematrikulazio kanpaina hasi da Nafarroan
Gelako gehienez 25 ikasleko ratioa itunpeko ikastetxeetan ere izango da indarrean, eta otsailaren 7ra arte izango da zabalik aurrematrikula egiteko epea.
Errekdazioa
Otsailaren 1ean, ostegunarekin, 2018-19 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina hasi da Nafarroan, Haur Hezkuntzarako eta Lehen Hezkuntzarako. Kanpaina hilaren 7ra arte izango da zabalik, hau da, datorren asteko asteazkenera arte.
Euskadi Irratiak jakitera eman duenez, irailean hasiko den ikasturterako berritasun nagusia da gelako gehienez 25 ikasleko ratioa itunpeko ikastetxeetara ere zabalduko dela. Nafarroako Gobernuak deia egin die familiei Eskola Publikoaren aldeko apustua egin dezaten. Maria Solana bozeramailearen esanetan, kalitatezko hezkuntza bermatzen du eskaintza publikoak, anitza eta gertukoa.
Familiek sei zentro hautatu ahal izango dituzte, lehentasunen arabera. Eskatutako plazak eskainitakoak baino gehiago izanez gero, eta, baremazioa egin ostean, gutxienez bi familiaren arteko berdinketa egonez gero, zozketa telematikoa egingo da, plaza zeini eman zehazteko.
Iaz bezala, D ereduko gelak irekiko dira sare publikoan, euskaldunak ez diren guneetan ere; eredu horrek euskarazko hezkuntza bermatzen du. Hori bai, familien eskaerak aipatutako irekiera bermatu beharko luke.