Gizartea -
Denboralea
Urduñako mendatea bakarrik dago itxita, elurragatik, euskal bide-sarean
Arretaz gidatzea gomendatu du Ertzaintzak, EAE osoan; izan ere, izotz-plakak daude. Araban, mendian, -12 ºC ere izan dituzte gauean.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak gomendatu du arretaz gidatzea, euskal errepideetan, izotz-plakak baitaude; hala ere, bide-sare osoa zabalik dago, eta Urduñako mendatea bakarrik dago itxita, elurragatik. Hala eman du jakitera Segurtasun Sailak.
Gauean, tenperatura minimoak oso hotzak izan dira; Araban, mendian, -12 ºC ere jaso dituzte, Euskalmeten arabera. Hotz handi horren ondorioz, izotz-plakak sortu dira errepideetan, baina ez da istripu larririk izan ostiral gauean.
Euskal Autonomia Erkidegoko mendateei dagokienez, ez da katerik behar batean ere ez, baina Ertzaintzak arreta eskatzen du, guztietan.
Abisu horia, elurragatik
Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak osteguneko arratsaldean indargabetu zuen Neguko Bide Zaintza Planaren fase operatiboa, ostiralean baldintza meteorologikoek hobera joko zutela kontuan izanik. Nolanahi ere, indarrean dago oraindik Plana, "Jarraipen eta Informazioa" fasean.
Elurrak eragindako abisu horia ostiral honetako eguerdian deituko dute berriro, eta larunbat eguerdira arte egongo da indarrean. Otsailaren 9ko lehen orduetan, elur-kota 500-600 metrorako katuko da, eta 800-1.000 metroetara igoko da eguerdian; gerora, baina, berriro egingo du behera, 200-400 metrora kokatuta. Aurreikusita dago 2-10 zentimetro elur pilatzea 600 metrora, eta 20 zentimetro ere 1.000 metrora.