Gizartea -

Donostia

Intxaurrondoko hainbat bizilagunek eta merkatarik lapur bat atxiki egin dute

Ertzaintza iritsi arte, lapurrari aurre egin zioten. Atxilotua estanko batean sartu zen, jabea kolpatu zuen, eta hari eskuak eta oinak lotu zizkion, asteazken arratsaldean.

Lapurreta asteazken arratsaldean egin zuen atxilotuak. Argazkia: EiTB.
Lapurreta asteazken arratsaldean egin zuen atxilotuak. Argazkia: EiTB.
Lapurreta asteazken arratsaldean egin zuen atxilotuak. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak delitu-aurrekariak dituen 61 urteko gizon bat atxilotu zuen Donostian, asteazkenean; izan ere, Intxaurrondo auzoan, gizona estanko batean lapurreta egin zuen, pistola bat zeramala (gero baieztatu zuten simulatua zela). Hainbat bizilagunek eta merkatarik aurre egin zioten lapurrari, eta atxiki egin zuten ertzainak iritsi arte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, asteazkenean, 19:45 aldera, lapurra estankoan sartu zen, aurpegia estalita; jabea ikaratu zuen, pistola erabiliz eta "hau lapurreta da" oihukatuz. Lapurrak jabeari eraso zion, indarkeriaz, armaren kulatarekin. Jasotako kolpeen ondorioz (horietako asko buruan jasan zituen), biktimak konortea galdu zuen, partzialki, eta, hori aprobetxatuta, eskuak eta oinak lotu zizkion.

Une horretatik, erasotzailea estankoko hainbat gauza hartzen hasi zen. Gainera, dendako atea barrutik itxi zuen.

Bizilagun batek ikusi zuen

Hori gertatzen ari zela, auzoko bizilagun batek ikusi zuen dena, eta inguruan zeuden beste batzuk abisatu zituen, hainbat dendari ere bai. 112-SOS Deiak larrialdietako telefonoan gertatzen ari zenaren berri ematen zuten bitartean, dendan sartzen saiatu ziren, biktimari laguntza ematea xede.

Lapurra ihes egiten saiatu zen, jendearen artean kolpeka, baina aurre egin zioten, eta atxiki egin zuten Ertzaintza iritsi arte. Ertzainek hartu zuten euren esku gizona; 61 urte eta hainbat delitu-aurrekari ditu. Indarkeriaz eta larderiaz egindako lapurreta-delitua egotzi diote.

Estankoaren jabeak osasun-arreta behar izan zuen, eta, gerora, Donostia Ospitalera eraman zuten. Ertzainek dendako barrualdea miatu zuten, eta lapurraren arma topatu zuten; ikusi zuten simulatutakoa zela. Atxilotua epailearen esku utziko dute, polizia-izapideak amaituta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Delituak Gizartea Eguneko albisteak