Gizartea -
112 telefono-zenbakia
Egunero 2.300 dei eta 560 gertakari baino gehiago artatu dituzte larrialdi zerbitzuek
8,3ko nota jarri diote EAEko herritarrek zerbitzuari.
Agentziak | Erredakzioa
Larrialdi zerbitzuen lana goraipatu du gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak; izan ere, egunero 2.300 telefono-dei eta 560 gertakari baino gehiago artatu zituen iaz. 112 telefono-zenbakirik gabe “Euskadin segurtasun publikoa zaila da”, onartu du sailburuak.
Datorren igandean 112aren Europako Eguna da. 2017an larrialdi zerbitzuak egindako lanaren balantzea egin dute gaur, Bilbon, sailburuak, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak.
EAEko herritarren % 45ek noizbait 112 telefono-zenbakira deitzeko beharra izan dute, laguntza eskatzeko, sailburuak azpimarratu duenez.
Gainera, 8,3ko nota jarri diote EAEko herritarrek zerbitzuari.
112 telefonoak jasotzen dituen deien kopuruak behera egin du azken urteetan. 2017an ere joera berdina izan du zerbitzuak; gertakariek, ostera, gora egin dute.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria. Argazkia: EFE
Konkretuki, SOS Deiak arreta zentroek 864.261 telefono-dei jaso zituzten 2017an, 2016an baino gutxiago (876.865) eta 2011n baino askoz gutxiago (1.246.207).
Gertakariek, aldiz, gora egin dute: 205.708 (194.669 artatu zituzten 2016an, eta 2011n 166.774).
Aurreko urteetan bezalaxe, gertakari gehienak larrialdi medikoak (% 23,22) izan ziren, ondoren arriskuak bide publikoan (% 21,08), pertsonen istripuak (% 14,72), herritarren segurtasuna (% 14,61) eta trafiko istripuak (% 10,97).
Larrialdi eta Babes Zibil Merezimenduaren dominak
Bestalde, aurten aurrenekoz Segurtasun Sailak Larrialdi eta Babes Zibil Merezimenduaren dominak banatuko dituela iragarri du Beltran de Herediak. Sarituak Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Wopeak17 espedizioko mendizaleak izango direla jakinarazi du sailburuak.
2017ko uztailean Valerio Annovazzi Italiako alpinistaren erreskate zailean parte hartu zuten kirolariek, Gasherbrum II mendian, Himalaiako Karakorum mendilerroan. Annovazzi egoera kritikoan zegoen.
Hiru mendizaleek domina gorria jasoko dute Bilbon egin den ekitaldian, otsailaren 24an. Era berean, Segurtasun Sailak Maite Pascual gasteiztarra eta Unai Zubizarreta bilbotarra sarituko ditu.
Biak Gasteiz eta Bilbo lotzen zituen autobus batean zihoazen ekainaren 26an. Autobuseko gidariak konortea galdu zuen, eta bidaiariek bolantea hartu eta ibilgailuaren kontrolarekin egitea lortu zuten; beraz, erabakigarriak izan ziren istripua saihesteko.