Gizartea -
KONTRABANDOA
Barajasen atzemandako 310 kilo angula askatu dituzte Gipuzkoako ibaietan
Guardia Zibilak Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zizkion angulak eta Urnietako Arizmendi haztegian egon dira. Gipuzkoako arro guztietan bota dira, Bidasoa salbu, espeziea birpopulatu asmoz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak eta Ogasun Agentziak Asiara bidaltzeko prest ziren 310 kilo angula atzeman dituzte Adolfo Suarez- Madrid Barajas aireportuan egun gutxian. Mehatxupean dagoen espeziea da angulena eta debekatuta dago exportatzea. Genero guztia Gipuzkoako Foru Aldundiari eman diote eta Oiartzun zein Oria ibaiak birpopulatzeko erabili dira, besteak beste.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, CITES edo Fauna eta Flora Basati Mehatxatutako Espezieen Nazioarteko Merkataritzarako Konbentzioaren II. Eranskinean sartuta dago angula europarra, eta horren arabera, Europar Batasunak 0 kota dauka ezarrita espezie honen inportazio eta exportaziorako. Hori dela eta, Barajasen gertatua kontrabando delitua dela adierazi dute.
Ministerioak ohartarazi duenez, angula europarrak "gutxitze dramatikoa" bizi du, habitat naturalaren galeragatik eta legez kanpoko arrantzagatik, batez ere.
'Itsasgora operazioa'
Bi operaziotan topatu dituzte angula horiek guztiak. Lehenengoan, Vietnamera bidaltzekoa ziren lanperna modura deklaratutako kargamentu batean, 250 kilo angula aurkitu zituzten. Poliespanezkoa hainbat ontzitan ura eta izotza zeramaten, espeziea bizirik irits zedin.
Beranduago, Hong Kongera zihoan hegaldi batean, 60 kilo angula atzeman zituzten, lau maletatan. Horiek ere bizirik iristeko prestaturik zihoazen.
Behin topatuta, Guardia Zibila Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarri zen eta honek Urnietako Arizmendi haztegian eduki zituen angulak, Gipuzkoako ibaietan bota aurretik.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Aingira Kudeaketa Plana jarri zuen martxan duela 10 urte. Plan horren barruan, aingiraren egoera eta hedapena aztertzen da eta espezie hori jada ez dagoen ibaietan berriz ere sartzeko lanak egin dira. Orain arte birpopulazioa kopuru txikitan egin ahal izan da, baina Sepronak Gipuzkoara ekarritako angula kilo horiei guztiei esker, inoiz baino kantitate handiagoa birpopulatu ahal izan da. Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, Gipuzkoako arro guztietan bota ziren angulak, 10 puntutan, Bidasoan salbu: Oiartzunen, Urumean, Orian, Urolan eta Deban.