Gizartea -

Osasuna

Hazizurrien agerraldia, Nafarroan: 140 kasu, 2018ko lehen zazpi asteetan

Gaixoen erdiak baino gehiago 10-24 urte artekoak dira. “Taldekako jardueratan ez parte hartzea” eskatu diete agintariek kutsatuei.

Nafarroako Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE
Nafarroako Ospitalea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak gaur jakitera eman duenez, hazizurri edo paperen agerraldi bat antzeman dute Foru Erkidegoan. 2018ko lehen zazpi asteetan 140 kasu izan dira Nafarroan.

Maria Jose Perez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendariak prentsaurrekoan azaldu duenez, hazizurrien kasuek “orokorrean” gora egin dute Espainia osoan, baina Nafarroan gaixoen erdiak baino gehiago 10-24 urte artekoak dira.

Paperak listu guruinen hantura dira, eta horren sintomak sukarra, ondoeza, buruko mina eta jateko gogo falta dira, Aurelio Barricarte Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuko Epidemiologia, Prebentzio eta Osasun Zerbitzuko buruak gogorarazi duenez.

Barricarteren hitzetan, hazizurriak “pertsonatik pertsonara txistu tanten bidez” kutsatzen dira. Gaixotasuna agertu baino bi egun lehenagotik hasi eta lau egun geroagora arte kutsa daiteke. Paperen inkubazio epea, pertsona kutsatzen denetik lehen sintomak agertu arte, 14-18 egunekoa dela zehaztu du.

Txertoaren eraginkortasuna, % 80koa

Horrelako agerraldiak izan daitezkeela esan du Barricartek; izan ere, “txertoen eraginkortasuna % 80koa da”. Ondorioz, txertoa jaso dutenen ehuneko batek paperak izan ditzakete.

“Taldekako jardueretan ez parte hartzea” eskatu die Barricartek kutsatuei, eta gaixotasuna antzeman bezain pronto, gaixoaren inguruko pertsonek hazizurrien kontrako txertoa jaso duten egiaztatu behar da. Txertoa bi dositan ematen zaie urtebeteko eta hiru urteko haurtxoei.

Nafarroan 51 kasu antzeman zituzten 2016an, eta 408, berriz, 2017an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna albisteak Nafarroako albisteak Gizartea bideoak Gaurko azken ordukoa Sendagileen albisteak